herri galdeketak

Boto-emaileen %96 inguru Itziar auzo udal izatearen alde, %72ko parte hartzearekin

Emaitza aldekoa izan denez, Gipuzkoako Foru Aldundiak dekretuz onartu beharko du auzo udalaren sorrera. Garitano ahaldun nagusiak esan du emaitza errespetatuko dutela.

Galdeketa eguna Itziarren. JUAN CARLOS RUIZ, ARGAZKI PRESS
2014ko abenduaren 1a
07:22
Entzun

'Debako udalbatzak Itziarko auzo udala eratzea onartu du. Ados zaude?' galderari erantzun diote gaur Itziarren. Baiezkoak babes handia jaso du (%96 inguru), eta parte hartzea %72koa izan da. Debako Udalak onartua du jada auzo udala sortzeko txostena, eta horrekin ados daudela esan dute gaur herritarrek. Orain, Gipuzkoako Aldundiak dekretuz onartu beharko du auzo udalaren sorrera. Izaera berriarekin, Debako auzoak autonomia izango du hainbat gai kudeatzeko.

Andoni Aranberri Itziar Herria Sortzen plataformako kideak BERRIAri azaldu berri dionez, orain arteko prozesua negoziazio mahai baten bidez bideratu dute. Luzaz eztabaidatzen aritu ondoren, 2013ko urrian txosten bat onartu zuten, eta Debako Udaleko hamahiru zinegotziek eman zioten onespena. Herritarrek ekarpenak egin eta bigarren onespena eman behar zion gero udalak, baina desadostasun zenbait izan ziren atal horretan.

Horregatik, Denon Herria plataformak herritarrei iritzia eskatu zien maiatzaren 25ean. %95ek egin zuten Itziar auzo udal bihurtzearen alde, eta ekainaren 17an azken onespena eman zioten udalean: zortzi zinegotzik egin zuten alde, eta bostek aurka.

Garitano Itziarren izan da

Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiak Itziarren egindako galdeketa babestu du. Herritarrak zoriondu ditu haien aldarrikapena "modu demokratikoan" bideratzen ari direlako; baita Debako Udala ere, "normaltasunez ahalbidetu duelako itziartarren aspaldiko eskaera bat". Garitano Arantza Ruiz de Larrinaga Herritarren Partaidetzarako foru zuzendariarekin batera izan da Itziarren.

Adierazi duenez, aldundiak emaitza errespetatzeko konpromisoa du, eta eman beharreko pausoak emango ditu. "Itziarren ikusten ari garen ariketa demokratiko hau eredugarria da. Igeldon ere egin zen galdeketa bat, gaurkoaren antzera. Igeldotarrek oso garbi adierazi zuten haien nahia, baina, zoritxarrez, Donostiako Udaleko oposizioak ez zuen erakutsi gaur Debako Udalak erakutsi duen jarrera demokratiko bera". Horregatik, Donostian oposizioak jarritako helegitea erretiratzeko deia egin die alderdiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.