Nolako parte hartzea izango da datorren igandeko hauteskundeetan? Duela lau urte baino handiagoa izango da, inkesta batzuek iradokitzen duten bezala? Zenbateraino eragingo du krisi ekonomikoak boto-emaileen mobilizazioan? Krisi ekonomikoa gure artean finkatuta dago; langabeziaren zabalkundearen bidez, eragin handiko kezka bihurtu da. Gainera, ez da irteera argirik eta azkarrik antzematen. Alderantziz baizik. Krisiak, azken batean, areagotu egin du herritarrek politikariekin duten mesfidantza. Pentsa liteke krisi ekonomikoan oinarri duen etsipen giro horrek ez duela boto mobilizaziorik ekarriko, hauteskundeetan zigorraren aukera nagusia abstentzioa izaten delako besteak beste.
Euskal eremuan, alderdiek zailtasunak izango dituzte herritarrak motibatzeko, hain zuzen, botoa ematera joan daitezen. Batez ere, ohiko hautesleria ez dena motibatzeko. Ziurrenik, errazen Bilduk izango du, aurkezteko aukera azken momentuan eskuratu duelako eta baztertze politika atzean uzteko bidea ireki duelako. Herritarrak motibatzeko osagai gehiago du, besteak beste krisi garai hauetan ilusioa transmititzeko gaitasuna alde duelako. Eta ilusioa, garai hauetan balio handiko ondasuna izateaz gain, kutsakorra da. Kanpainako ekitaldietan Bilduk erakutsi du jendea erakartzeko ahalmena (BECeko ekitaldia da azken adibide argia, parekorik ez daukana beste indar politikoen artean). Ikusteko dagoena da zer-nolako tamaina hartuko duen Bilduren olatuak. Maiatzaren 6a baino lehen egindako inkestek ezin izan dute neurtu olatuaren goranzko joera, baina neurria ez da igande gauera arte argituko. Bilduk, ilusioa gorabehera, argitasunez eta sinpletasunez eraiki du bere mezua: alderdi nagusien alternatiba gisa aurkeztu du bere burua, indar metaketarako gaitasuna ikur gisa erakutsi du eta gatazka konpontzeko tresna eraginkorra izatea aldarrikatu du. Gainera, bakea eta konponbidea lehentasuntzat jo ditu Pello Urizarrek BECen egindako hitzaldian, eta denekin hitz egiteko beharra aitortu. Baita handira jokatzeko beharra gogoratu ere.
Gainerako alderdi eta koalizioen kasuan, badaude boto-emaileak motibatzeko oinarriak ere. Neurri batekoa edo bestekoa. Adibidez, EAJren kasuan argi ikusten da. Motibaziorako helduleku argi bat du EAJk: PSE-PP itunari aurre egiteko helburua. Itun horrek euskal gizartearen sektore zabal batean atsekabea eragin du. EAJren oinarri sozialean, gainera, amorrua eragin du, Eusko Jaurlaritzatik kanporatu dutelako. Bi faktoreak, atsekabea lideratzea etaamorrua bideratzea, gakoak izan daitezke EAJrentzat boto-emaileak mobilizatzeko orduan. Penduluaren mugimendua baliatzen saiatuko da EAJ. Ikusteko dago noraino iristen den. Kontrako faktoreak ere bai baititu, gobernatzearen ajeei lotutakoak (ustelkeria salaketak, krisi ekonomikoaren inguruko erantzukizuna...). Boto-emaileen motibazioei begira, PPren kasua ere interesgarria da. Alderdi sozialista gainditzeko eta krisi ekonomikoa ordainarazteko ahalegin bat nabaritzen da, eta mobilizatzeko akuilu izan daiteke. Baliteke korronte horrek Euskal Herrian ez izatea Espainian eduki dezakeen indarra, PSE-PP itunaren eraginez, eta alderdi sozialista hobeto kokatu delako aro berriari begira, eta Nafarroan UPN dagoelako.
Udal eta foru hauteskundeak. Analisiak. Arrastoan
Boto joera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu