«Alde handia dago egin nuenaren eta ustez egiten ari nintzenaren artean». Romain Bouvierren defentsa lerroa laburbiltzen du esaldi honek. Gelditu gabe mintzatu zaio epaimahaiari goizetik, hizkuntza jasoan eta hitz jario bizi eta etengabean. Federico Martin Aramburu erailtzen saiatzeagatik epaitzen ari dira Parisko Krimen Auzitegian, eta betiereko kartzela zigorra jasotzeko arriskua du. Bouvierrek lau aldiz egin zion tiro Arambururi, lau segundoan, eta bi tokitan hunki zuen Aramburu: izterrean eta klabikulan. Alta, Bouvierrek segurtatzen du «zolari buruz» egin zuela tiro, ez zuela zauritu nahi, eta «sekula sentitu ez zuen beldur eta itolarri» egoera batean zegoela. Parte zibilen abokatuek azpimarratu dute Bouvier biktima baten posiziotik aritu dela «etengabe».
Atzo arratsean hasi zuten Bouvierren galdeketa, eta arratsalde honetaraino luzatu da: ia hamar ordu iraun du. Erronka handia da, epaimahaiak erabaki beharko baitu Bouvierrek erailtzeko borondatez tiro egin ote zion Aramburi, eta aldez aurretik pentsatutako ekintza izan ote zen. Hala izan zela ukatu dute akusatu guziek.
Atzo arratsaldean, parte zibilen abokatuek galdetuta, Bouvierren hainbat argazki eta bideo hedatu zituzten, haren nortasuna agerian jartzeko asmoz: arma bat eskuan ageri da horietako gehienetan, eta jestu antisemita bat egiten beste batean: erran du «zozokeria» izan zela. Egozten zaion krimenari buruz, haatik, Bouvier biktima posizio batetik mintzatu da etengabe, eta parte zibilei bereziki jasangaitza egin zaie haren hitz jarioa. Goizean, zehatz-mehatz deskribatu ditu Le Mabillon ostatuko giroa; erran du «alai eta lasai» zegoela baina «arras mozkor». Kameren bideoetan Bouvier zola erakusten ageri da. Hegartyk esplikatu zuen nongoa ote zen galdetu ziola, eta Bouvierrek zera erantzun ziola: «Hemengoa naiz», zola erakutsiz. Bouvierrek segurtatu du «txiste bat» zela, ostatu horretatik gertu bizi zelako.
Aramburuk Le Priol bere kadiratik erorarazteko egindako jestua «ulertezina» egin zitzaiola kontatu du gero, Le Priolen eta bi errugbilari ohien artean izandako tentsioa ez baitzuen nehola ere «ikusi». Ondotik izandako borrokari dagokionez, Bouvierrek erran du «une oro giroa lasaitzen» ahalegindu zela. Kontatu du Hegartyrengana hurbildu zela Le Priol eta Aramburu «separatzeko asmoz», eta Aramburuk «sekulako kolpea» eman ziola. «Eszena kaotiko bat bizi izan nuen, sekulako indarkeria jasan nuen, eta gero bi errugbilariak ikusi nituen ene laguna jipoitzen». Gehitu du bere burua defendatzeko bi kolpe ematen saiatu zela baina ez zuela lortu, eta momentu hartan «hartz batek edo zezen batek» gainera salto egin ziola sentitu zuela, Hegartyri erreferentzia eginez. «Pentsatu nuen enetako fini zela», gehitu du.
Ostatuko segurtasun agenteari «errealitatea trabestitu» izana leporatu dio, bestalde: hark erran zuen Bouvierrek eta Le Priolek errugbilarien atzetik joateko asmoa adierazi zutela, baina Bouvierrek erabat ukatu du hori hala izan zenik. «Baina ulertzen dut errealitatea deformatu izana: gizon bat hilik ikusi zuen gero, eta normala da haren memoria fidagarria ez izatea. Nik neuk gizon bat hiltzen ikusi dut kartzelan, eta badakit memoria zer malgua den», zehaztu du gero, beste behin bere sentimenduak lehen lerroan ezarriz.
Le Priolen bila
Borroka hori finituta «leher egina» zegoen, eta Le Priol ez zuen gehiago ikusten. Zerbitzari batek erran zion errugbilarien atzetik joana zela eta lanjerean zegoela. «Loik lurrean zegoela» irudikatu zuen berehala. «Itolarrian nintzen, eta imajinatzen ari nintzen bi errugbilariak ene laguna jipoitzen ari zirela. Lyson [Rochemir] jeepean igotzen ikusi nuen, eta berehala igo nintzen, Le Priol salbatzeko asmoz. Ez nintzen gaizkia egiteko igo auto horretara, ongia egiteko baizik. Gauza bakarra nuen buruan: non dago Loik, eta zer egoeratan».
Rochemir ere galdekatu dute arratsalde honetan; Bouvierri egozten zaion erailketa saiakeran konplize aritu izana leporatzen diote. Rochemirrek ere esplikatu du borroka finitzean jeepa gidatzen hasi zela Le Priol errekuperatzeko asmoz —bikotekideak ziren garai hartan—. Bouvierrek eta Rochemirrek, biek ukatu dute Arambururen bila joan zirela; Le Priolek atzo onartu zuen errugbilarien bila joan zela, baina ez haiek hiltzeko asmoz.
Bouvierrek eta Rochemirrek bi errugbilariak ikusi zituztenean autoa gelditzea erabaki zuten, Welcome hotelaren aitzinean. Bouvierren hitzetan, autotik atera zen berehala, Aramburu hurbildu baitzitzaien eta Rochemirrendako beldurtu baitzen. «Ikaratua» zegoela erran du. «Aramburuk enekin borrokatu nahi zuen berriz, hitzez probokatu ninduen, enegana heldu zen. Uste nuen ene laguna jipoitu zutela, eta ni ere jipoituko nindutela». Orduan «erreflexuz» arma atera zuela eta zolari buruz tiro egin zuela erran du. «Edo behintzat, hala uste nuen. Pentsatzen nuen hiru aldiz egin nuela tiro, eta momentu bakar batean ere ez nuen uste izan hunkitu nuela», segurtatu du. Tiro egin ondotik eskapatu zen, «gibeletik eraso egingo» ziotelakoan. «Egiazki egin nuenaren eta ustez egin nuenaren artean diferentzia handia dago, ados, baina segur da Aramburu ez nuela hil nahi izan».
«Erruduntasun» handia sentitzen duela erran du Bouvierrek; atzo Le Priolek kontatu zuenez, Bouvierren tiroen hotsek etorrarazi zuten Arambururengana. «Ene bizi osoan ekarriko dut ardura hori. Tiro egin izan ez banu, Loik ez zen itzuliko, eta Aramburu bizirik legoke. Egunero pentsatzen dut hori, oso gogorra da».
«Dependentzia»
Rochemirrek esplikatu du Le Priolekin zuen harremana «anbibalentea» zela: «momentu onekin eta txarrekin». Epaimahaiari kontatu dio Le Priolek zartako bat eman ziola behin; Le Priolek ezezko keinuak egin ditu hori entzun duenean, asaldaturik. «Ez dut horri buruzko xehetasunik eman nahi, ez da gure erlazioaren auzia», aletu du Rochemirrek. Oro har, aitortu du «dependentzia» bat zeukala Le Priolekiko. Ministerio publikoak Rochemirri galdetu dio Le Priolen indarkeriarik jasan ote zuen, aipatu duen zartakoaz gain. Emakumeak uko egin dio erantzuteari: «Ez dagokit biktima gisa aritzea, baina ene isiltasunak erantzun gisa balio beza».
Bestalde, Le Priolek tiro egin ondoren, ihesean lagundu zuen Rochemirrek. «Ez nuen ezer ulertzen gertatzen ari zenari buruz. Ez nekien zer gertatu zen, ez nekien zergatik Bouvierrek tiro egin zuen, eta orduan Le Priol zen nire segurtasun erreferentzia bakarra. Deitu nion, eta hark errandakoa egin nuen: haren autoa aparkatu, haren bila joan, nire autoa berriz hartu...». Erran du orduan ez zekiela Le Priolek tiro egin zuela. Aitortu du erabaki «txarrak» hartu zituela, baina esplikatu du Bouvierren tiroen ondotik erabat «traumatizatua» zegoela. «Barraren alde txarrean naiz, baina momentuan erabat traumatizatua eta galdua nintzela ulertu behar duzue», borobildu zuen.
Bihar hasiko dira abokatuen defentsa mintzaldiak eta ministerio publikoaren auzi eskabidea. Defentsaren abokatuek ostegunean hartzekoa dute hitza, eta akusatuek ostiralean izanen dute hitza azken aldiko. Epaia egunean berean ematekoa dute.