1936an desagerrarazi zituzten bi lagunen gorpuak topatzeko lanek fruitua eman dute Bovedan (Araba). Gogoan Sestao elkartearen bidez eta Aranzadi zientzia elkarteko kideen laguntzaz, bi gorpuak aurkitu eta indusketa lanak egin ahal izan dituzte. Bideo batean bildu dute prozesu guztia:
[youtube]http://youtu.be/nSwHRYxZM14[/youtube]
1936ko irailaren 7an etxetik aterarazi zituzten Angel Antuñano Salazar, Lopez abizeneko beste gizonezko bat —izenik ez dakite— eta Secundino Angulo Garcia. Mendira eraman zituzten, eta azken horrek ihes egitea lortu zuen. Beste biak, aldiz, hil eta lurperatu egin zituzten, Horcako gainaren inguruetan.
Zazpi urte eman dituzte gertatutakoa ikertzen, eta Bovedako hainbat lekukori eta Angulok idatziriko gutun bati esker lortu dute bi gorpuak topatzea. Horcan irailaren 23an hasitako lanak amaitu dituzte; aurkitutako aztarnak aztertzen ari dira orain.
1936ko gerraren biktimen memoriari eskaini diote bideoa. Patxi Dominguezek eta Xabier Dominguezek ekoitzi dute.