Bozetarako lasterketari ekin dio Ibarrola hautagaiak: «Txibite eta EH Bildu ustelkeriaz baliatu dira»

Urte politikoa hasi aurretik, agerraldia egin du UPNko buruzagiak, legealdiaren balantzea egiteko. 'Cerdan auzia', zerbitzu publikoen kudeaketa «negargarria» eta EH Bildu, horiek izan dira Ibarrolaren hitzaldiaren ardatz nagusiak.

Cristina Ibarrola, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Cristina Ibarrola, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2026ko abuztuaren 19a
11:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Datorren urteko maiatzean egingo dira Nafarroako Parlamenturako eta udaletarako hauteskundeak, eta egun horri begira jarri da UPN. Urte politikoa hasi aurretik, agerraldia egin du alderdiko presidente Cristina Ibarrolak. Erregionalisten arabera, agerraldiaren helburua «legealdiaren azken hiru urteetako balantzea» egitea izan da, baina, horrez gain, Ibarrolak aukera baliatu du bere burua lehendakarigai gisa aurkezteko eta datozen hilabeteetako diskurtso politikoaren ildo nagusiak aurreratzeko. Nafarroako Gobernua ustelkeriarekin eta EH Bildurekin lotzea, horra UPNren estrategia Maria Txibiteren irudia higatzeko. «Ustelkeria da gobernu honen zama politiko handiena», laburbildu du.

Ibarrolak hiru puntutan egin du azpimarra: batetik, uste du Santos Cerdan PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak eta EH Bilduk «akordio faltsuak» izenpetu zituztela «botere instituzionala euren artean banatzeko»; bestetik, adierazi du «sare ustel bat» sortu zela «Cerdanen gidaritzapean, legez kanpoko ordainketen truke herri lanen esleipenak jasotzeko»; eta, azkenik, UPNren buruzagiak esan du Belateko tunelen obrak «legez kanpo» adjudikatu zizkietela sare horretako enpresei. Horren guztiaren harira, Txibitek erakutsitako jokabidea txarretsi du Ibarrolak: «Aurrera segitzen du zernahi dela ere, ez ikusiarena eginez, eta, bide horretan, lurrean arrastaka darama Nafarroaren irudia».

Nafarroako Gobernua «Txibiterena eta EH Bildurena» dela esan du behin baino gehiagotan —koalizio independentista oposizioan dagoen arren—, eta uste du Txibitek eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak ustelkeriari zor diotela kargua: «Sare ustela existitu ez balitz, Txibite ez zen inoiz lehendakari izanen. Cerdanek, Antxonek [Alonso], Koldok [Garcia] eta enparauek Txibite behar zuten boterean. Jakinak dira Santos Cerdanen interesak, eta horretaz baliatu ziren hala Txibite nola EH Bildu».

Euskal errepublika

PSNk koalizio independentistaren asmoei «men egin» diela gaineratu du Ibarrolak, eta laugarren xedapen iragankorraren gaineko eztabaida jo du horren adibidetzat. «PSNk orain babesten duen bidea, hain zuzen, Nafarroa Euskal Errepublikaren parte izateko modua ematen duena da, Otegik hainbestetan defendatu duen horixe bera».

«PSNk orain babesten duen bidea Nafarroa Euskal Errepublikaren parte izateko modua ematen duena da, Otegik hainbestetan defendatu duen horixe bera»

CRISTINA IBARROLA  UPNko lehendakaria 

Ibarrolaren irudiko, gainera, elkarbizitza «pitzatzen hasia da» Nafarroan, eta horren adibidetzat jo ditu «ezker abertzale erradikalak bezala pentsatzen ez dutenen aurkako gorroto ekintzak». Ez du zehaztu zeintzuk diren ekintza horiek, baina uste du «kale borrokaren itzulera» iragartzen dutela halakoek.

Horiek horrela, EH Bildu «inoiz baino indartsuago» dagoela gaineratu du UPNren buruak —«badaki 31 dituela eskutik»—, eta iragarri sozialisten eta independentisten arteko aliantza ez dela berehalakoan etengo: «Biei interesatzen zaie harreman horri eustea».

PP, migratzaileen aurka

Nafarroako PP alderdiak ere agerraldia egin du gaur, egoera politikoa aztertzeko. Sergio Sayas idazkari nagusiak adingabe migratzaileak jarri ditu jopuntuan, eta esan du Nafarroako adingabeentzako zentroak «gainezka» daudela: «Nafarroak ezin du adingabe migrante bakar bat gehiago ere hartu».

Txibite lehendakariari kargu hartu dio Sayasek: «Argi izan beharko luke Nafarroako lehendakaria dela, eta, hortaz, nafarren interesak defenditu behar lituzke, ez Pedro Sanchezenak». PPko buruak uste du erkidegoak ezin duela migratzaile gehiago hartu, ez baitu baliabide nahikorik: «Nafarroa ez dago prest ate irekietan oinarritutako migrazio politika baten ondorioak pagatzeko».

Bestalde, Sayasek auzitan jarri ditu Nafarroako Gobernuak Txinako enpresekin sinatutako hitzarmenak, eta iragarri du Ustelkeriaren Aurkako Bulegora joko duela, «harreman horien atzean zer dagoen argitzeko».

Remirez: «Ibarrola zama bat da UPNrentzat»

Ibarrolak eta Sayasek esanikoei arrapostu eman die Javier Remirezek, Nafarroako Gobernuko bozeramaileak. Kazetarien galderei erantzunez, UPNren presidentearen hitzei buelta eman die Remirezek, eta esan du Ibarrola bera «zama izugarria» dela UPNren lidergo politikoarentzat: «Ibarrolaren hitzek erakusten dute ez duela proiektu politikorik edo proposamen alternatiborik». Are: bozeramaileak uste du «PPren menpe» dagoela Ibarrola, eta horregatik erabiltzen duela «muturreko erradikalizazioaren» estrategia, «politika eraginkorretatik» aldenduta. «Ez dut uste UPNren boto emaileak estrategia horrekin bat datozenik», gaineratu du.

Ustelkeria salaketei buruz, berriz, zera esan du Remirezek, Belateko tuneletako lanen auzian «oso lasai» dagoela gobernua, «kontratua adjudikatzeko prozedura legearen arabera kudeatu baitzuen guztiz».

Azkenik, Sergio Sayasen hitzei buruz galdetuta, Remirezek esan du PP «dinamika suntsitzaile» betean murgilduta dagoela: «Halakoetara ohituak gaitu Sayas jaunak: noizik behin etortzen da Nafarroara, soil-soilik iraintzera, nafar herritarrei kalte egitera eta gure erkidegoaren garapenaren bidean harriak jartzera, eta, hori eginda, segituan bueltatzen da Madrilera».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA