Foyer Lormand egoitzan hitzordua eman, banderolak zabaldu, eta nehor ez da iritsi; Baionako ospitalera abiatu, Frantziako Poliziak oztopatu, eta nehor ez dute ikusi. Halakoa izan da Sutan kolektibo transfeministak deitu elkarretaratzean parte hartu duten militanteen arratsaldea. Brigitte Macron Baionan izan da gaur, Frantziako Ospitaleen Fundazioaren lehendakari gisa, Txanpon Horien Operazioari Baionan eman baitiote hatsarre, hain zuzen. Dirua biltzeko eta ospitaleetako proiektuetan banatzeko kanpaina bat da Txanpon Horien Operazioa, baina afera da duela aste batzuk militante feministen kontrako adierazpenak egin zituela Brigitte Macronek, eta, besteak beste, horregatik izan da gaur haren etorreraren kontrako elkarretaratzea.
Maddi Kintana Sutan kolektiboko kideak argi utzi du, «elkarte feminista gisa», ez dutela nahi Brigitte Macron jitea, oraindik gutiago kontua harturik Baiona «Euskal Herria» dela, eta hark «botere errepublikazale frantsesa» errepresentatzen duela. «Ez dugu halako sinbolorik nahi», borobildu du.
Duela aste batzuk, Brigitte Macron Ary Abittan frantses umoristaren ikuskizun batera joana zela, bideo bat zabaldu zen Macronen adierazpen zenbatekin: Abittanekin mintzo ageri zen, antzoki baten barnean, umoristaren lasaitzen entseatzen, nolazpait. Erran zion: «Pito zikinak agertzen baldin badira, kanporatuko ditugu». Baina, preseski, militante feministei egiten zien erreferentzia, Abittan epaitua izana baita bortxaketagatik, eta haren kontrako elkarretaratzeak izan ohi dira ikuskizunak aitzin.
Itaiak ere deitu du elkarretaratzera, eta kideetako batek argi utzi du Brigitte Macron ezin dela inola ere «aliatu» gisa identifikatu: «Holakoetan, burgesiaren konplizitatea biziki esplizitua da, eta, beraz, langile klasearen eta burgesiaren arteko arrakala, agerikoa. Horretaz gainera, egun, sekula baino esplizituagoa da gure eskubide politikoak zalantzan jarriak direla eta ez dela horietarako indar harremanik. Inportantea da borrokan segitzea».
Elkarretaratzearen harira izan den erantzun polizialari ere erreferentzia egin diote. Izan ere, prentsa arduradunak eta ospitaleko komunikazioko zerbitzuak informazio nahasgarriak ematen ibili dira Macronen etorreraren inguruan. Ospitaleen Fundazioak nerabeentzako Foyer Lormand egoitzan eraikitako zelai bat estreinatu behar zuen 14:00etan, eta feministek han berean emana zuten hitzordua. Denbora aitzina joan ahala, ordea, nehor ez da agertu.
Orduan, Baionako Ospitalera buruz abiatu dira militanteak, han estreinatzekoa baitzuten, bestalde, Txanpon Horien Operazioa. Baina Frantziako Poliziak metro gutiren buruan oztopatu zituen militanteak, karrika baten alde bietarik; atera ezinik gertatu dira, hots. Hori salatu du Kintanak: «Saiatu gara lasaiki eta manera baketsuan joaten, besterik gabe gure boza entzunarazteko. Blokeatu gaituzte, eta, harridura handiz, etxera itzultzea erabaki dugularik, beste aldetik ere blokeatu gaituzte. Ez dugu ados egon beharrik haren etorrerarekin, eta askatasuna izan behar genuke horren adierazteko. Gure eskubideak urratu dituzte».
Prentsa pasatzera utzi dute, eta ospitalera iritsi dira kazetari gehienak, baina, egoitzara sartzeko tenorean, haiei ere oztopatu diete bidea poliziek. Zehaztu behar da akreditatzeko biderik ez zaiela eman kazetariei. Azalpena fite iritsi da, prentsa arduradunari zehaztapenak galdeginik honakoa erantzun duelarik: «Barnetik antolatuak izan dira akreditazioak, eta hautatuak. Oihartzun nazionala [Frantziakoa] duten tokiko hedabideei helarazi zaie». Hots, aukerarik ez Ipar Euskal Herriko hedabideentzat ekinaldiaren berri emateko.