Soslaia. 1993tik zuzendari lanetan

2012ko urriaren 15a
14:52
Entzun

1993tik kazetaren itxiera arte Egunkaria-ko zuzendaria izan zen Martxelo Otamendi (Tolosa, 1957), eta 2003ko ekainetik BERRIAko zuzendaria da.

1977an ekin zion euskalduntze lanari: Tolosako gau eskoletan lehenik, AEKn jarraian eta Udal Euskaltegian gero. 1984an izan zuen lehen harreman zuzena euskal komunikabideekin, Egin egunkarian Egun on sailean idazteko aukera eskaini ziotenean.

1987tik 1989ra, ETBn aritu zen lanean, Tolosako Udal Euskaltegian bi urteko eszedentzia eskatuta. Txoria dut maite programaren ardura hartu zuen bere gain. Ondoren, Aste ero asteroko saioko zuzendaria izan zen. ETBko lanak promozionatzea izan zen Otamendiren orduko lan nagusia. Jaioterriko Galtzaundi Euskara Taldean ere buru-belarri murgildu zen. ETBn barne ekoizpena eragiteko aukera izan zuen bi urtetan, eta Boisera (AEB) jo zuen ondoren. Tolosako euskaltegira lanera itzuli zen handik, eta ETBko Babel programa egin zuen urtebetez. Euskaltegia utzi, eta Egonean giro magazina zuzentzeari ekin zion ETBn; 1991. urtea zen, eta urte eta erdiz bete zuen lan hura.

Kazetariek eta herritarrek zuzenean euskarazko adierazpenak jasotzeko gune bat behar zutelakoan, euskarazko hitzaldiak bultzatzea eta eskaintzea helburu zuen Tolosako Galtzaundi Foruma abiarazi zuen jarraian. Xabier Arzalluz EAJko orduko EBBko presidenteak estreinatu zuen Foruma, eta Euskal Herriko pertsonaia ezagun asko pasatu zen geroztik gunetik.

1993ko ekainaren 9an ekin zion Egunkaria-ko zuzendari lanari. Gainerako egunkarien aldean baliabide kaskarragoak zituen kazeta aurkitu zuen. Egoera horrek hobera egin zezan aritu zen ordutik, Egunkaria-ko gainerako langileekin eta irakurleekin batera. 1998ko abenduaren 24an Galtzaundi aldizkarian, Espainiako Poliziak Egin itxi eta bost hilabetera, Euskal Herrian adierazpen askatasuna gaixo dagoela zioen: "Ez dago eskubiderik Egin-ekin egin dutena egiteko. Adierazpen askatasuna ez da kaltetua izan den bakarra; irakurleen informazioa jasotzeko eskubidea ere urratua izan da. Berrehun kazetarik munduaren euren ikuspegia emateko eskubideaz gain, milaka eta milaka irakurle kaltetuak izan dira".

Eskualdeko egunkariek 2001eko abenduan ekin zioten bideari, Tolosaldean Egunero-rekin, eta Otamendi izan zen sortzaileetakoa.

Tolosan bizi da.

BerriaTBk Martxelo Otamendiri bere ibilbideaz eginiko elkarrizketa (2009-12-23)

[Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/752/[/Berriatb]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.