bizikidetza

Bukatu dute Errenteriako elkarrizketarako foroa, "perspektiba" zabaltzea lortu ondotik

Herrian bizikidetza sustatzeko espazioak hiru urte eta erdiko ibilbidea izan du. "Gai izan gara sufrimenduan elkarrengana hurbiltzeko". Uste dute esperientziak "etorkizun partekaturako oinarriak jartzeko baldintzak" sortzeko aukera eman diela.

Errenteriko elkarrizketarako espazioko kideak, gaur. ANDONI CANELLADA, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2016ko apirilaren 29a
11:19
Entzun

Diskrezioarekin ekin zion Errenteriako elkarrizketarako espazioak lanari 2012. urtearen erdialdean, udalaren babesarekin, eta hedabideen aurrean jakinarazi du bukatu duela "zikloa". Euskal gatazkaren ondorioz sufrimendu handia izan da Errenterian hamarkadetan, baina lortu dute bizikidetza sustatzeko "bidea" egitea, foroko kideek gaur esan dutenez; gustura amaitu dute ekinbidea. Sentsibilitate politiko desberdineko jendea aritu da bertan, eta, hain zuzen, “normalizazio politikorako eta bakerako” espazio modura definitu izan dute.

Foroa egon delako ulertu ahal dira Errenterian azkeneko urteetan elkarbizitzaren alde izandako ekinbide batzuk, hala nola 2013an Julen Mendoza (Bildu) alkateak –hitzaldia–, eta alderdi desberdinetako kideek eta biktima mota desberdinek egindako topaketa eta Memoria partekatu baterantz, Errenterian 1956tik 2013ra bitarte izan diren giza eskubideen urraketei eta indarkeria ekintzei buruzko txostena (2015eko azaroa).

"Kontakizun kolektibo hau idazteak aukera eman digu bizi izan dugun guztiari perspektibaz so egiteko", esan dute gaur foroko eledun Koro Mitxelena herritarrak eta Juan Carlos Merino (PSE-EE) alkate ohiak. Besteak beste, 2011ko urrian ETAk jarduera armatua utzi zuela jakinarazi ostean ekin zioten bideari. "Iraganak eta sufrimenduak baldintzatzen gintuzten, errezeloak eta zuhurtziak; alegia, bakoitzaren historia pertsonalak eta Errenteriako herritar gisa izan dugun historia kolektiboak". Iazko urte amaieran erabaki zuten bukatzea, eta hilabeteotan ondorioak-eta atera dituzte.

Urte hauetan "desberdinen arteko egiazko bizikidetza ariketa bat" egin dutela diote, eta ondorio batzuk plazaratuz amaitu dute ibilbidea. "Gai izan gara sufrimenduan elkarrengana hurbiltzeko. Ezjakintasuna gainetik kendu dugu, bizitu eta sufritu dugunaren larritasunaz jabetu gara eta horrek pertsona hobeak bilakatu gaitu, objektiboagoak gara orain". Aitortu dute egiaztatu dutela "zaila" dela "desberdinen artean adostasun politikoa lortzea", baina azpimarratu dute esperientzia honek "etorkizun partekaturako oinarriak jartzeko baldintzak" sortzeko aukera eman diela. Biharko eguneko akordioak erdiesteko, uste dute "beharrezkoak" izango direla "pauso eta keinu txikiak".

Errenteriako elkarrizketarako ekimeneko partaideak: Imanol Aizkorreta, Mikel Carcedo, Nekane Dominguez, Angel Mari Elkano, Jose Antonio Fernandez, Andres Fraile, David Gomara, Patxo Loperena, Julen Mendoza, Juan Carlos Merino, Koro Mitxelena, Isaac Palencia, Maria Rodriguez, Jose Angel Rodriguez, Jose Angel Sanchez, Ana Mari Ugalde, Mikel Ugalde eta Manu Ugartemendia.

Haietako ia guztiak zeuden gaur Jautarkol plazan egindako agerraldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.