Uztailaren 20an, Ertzaintzak isuna jarri zion pintaketa bat egiten ari zen gazte bati, Azpeitian (Gipuzkoa). Jarraian, lagun batzuk azalpenak eskatzera joan ziren Udaltzaingoaren komisariara, eta istiluak izan ziren Ertzaintzaren eta zenbait gazteren artean. Bada, gaur eman dute bukatutzat ikerketa: orain arte 16 urteko adingabe bat atxilotu dute, eta 23 pertsona identifikatu. Desordena publikoak eragitea eta agintaritzaren aurkako atentatua egitea egozten diete horiei, Ertzaintzak bi agente zauritu zituztela salatu baitzuen gertakariaren biharamunean.
Lehen kolpean, adingabea atxilotu eta hamar gazte identifikatu zituzten, eta geroztik jende gehiagoren gibeletik joan dira, harik eta gaur ikerketa prozesua bukatutzat eman duten arte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak erran duenez, identifikatutako 23 pertsonak 18 eta 38 urte bitartekoak dira, eta hemendik aitzinera epailearen esku geratuko da kasua.
Gertakariak goizaldeko laurak aldera izan ziren, Urola kalean, Azpeitiko gaztetxearen ondoan. Gaztetxeak ohar bat zabaldu zuen gertatutakoa azaltzeko, eta esplikatu zuen pertsona batek errotuladore batekin ACAB idatzi zuela pilen edukiontzi batean —polizia guztiak sasikumeak dira leloaren ingelesezko laburdura da ACAB—. Azkenerako, lau patruila joan eta kalea itxi zuten.