Bularreko minbiziaren ikerketa sustatzeko asmoz ospatuko dute bihar, Donostian, Katxalin elkartasun martxaren XI. aldia. 5.000 pertsona biltzea espero dute antolatzaileek. Ekintza horren helburua da gaitz horri ikusgaitasuna ematea gizartean, eta ikerkuntzan inbertitzeak duen garrantziaz ohartaraztea.
Katxalin elkarteak antolatu du, eta 11:00etan abiatuko da, Alderdi Ederretik. Ibilbidea 4,5 kilometrokoa da, eta izen emateak zortzi euro balio du. Donostiako udaletxearen aurrealdean egin ahal izango da egunean bertan. Lortzen duten dirua Biogipuzkoa zentrora bideratuko dute, bularreko minbizia ikertzeko.