Gizartea

Burlatako Gaztetxea hutsarazi dute, eta zortzi lagun atxilotu

Burlatako (Nafarroa) Gaztetxea hutsarazi dute gaur goizean foruzainek, udaltzainek eta Espainiako Poliziak. Halaber, zortzi lagun atxilotu dituzte. Askatasunak polizia horien guztien jarrera salatu du eta "adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubide bat urratzea" egotzi diete. Gaztetxea zegoen eraikina eraitsi egin dute.

2006ko urriaren 9a
19:51
Entzun
Gaztesarearen arabera 05:30ak aldera hasi dituzte foruzainek hustuketa lanak. Gaztetxea defendatzera inguratu den jendearen aurka oldartu dira foruzainak, udaltzainak eta Espainiako Poliziako kideak. Protesta gisa barrikadak jarri dituzte.

Gaztetxeari eustearren, teilatura igo dira zenbait gazte, erresistentzia baketsu gisa. Zortzi gazte atxilotu egin dituzte erresistentzia ezartzea leporatuta, zazpi gaztetxean bertan, eta zazpigarrena kalean.

Nafarroako Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, atxilotuek 18 eta 25 urte bitarte dituzte. Guztiei "eraikin bat legez kanpo hartzea", "desobedientzia" eta "erresistentzia ezartzea" leporatzen diete. Antza denez, Nafarroako Gobernuaren arabera, Iruñeko Instrukzio Epaitegiak auto baten bidez eraikina uzteko eskatu zieten bertan zeudenei. Nafarroako Gobernuaren arabera, gaztetxea euren borondatez hustu ez dutelako esku hartu dute poliziek. Atxilotuak Iruñeko komisariara eraman dituzte.

Askatasunaren salaketa

Burlatako gaztetxean gertatutako gogor salatu du gaur Askatasunak. Foruzainen, udaltzainen eta Espainiako Poliziaren jarrera salatu dute. Espainiako Poliziak kalean zauden gazte eta helduen aurka kargatu du behin baino gehiagotan. Zenbaitek osasun zerbitzuen laguntza jaso behar izan dutela jakinarazi du Askatasunak. Jendea kolpeka hartzea eta atxilotzea egotzi die Askatasunak poliziako kideei. Baita "adierazpen askatasuna bezalako oinarrizko eskubideak urratzea" ere.

Askatasunak Burlatako udalatxeko gobernu taldearen jarrera ere salatu du. Izan ere, adierazi du PSNren jarrerak ez duela harritzen "urteetan baieztatu ahal izan dugulako edozein arazoren aurrean poliziaren indarkeria erabiltzen duela". Aralarren eta Batzarreren jarrerarekin, baina, harrituta agertu dira, "gaztetxea husteko prozesua une jakin batean edo amaiera arte babestu dutelako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.