Ez da ohikoa EAJren eta EH Bilduren alkateak elkar hartuta ikustea adierazpen baten inguruan, are gutxiago udal hauteskundeak egiteko urtebete baino gutxiago falta denean. Baina pisuzko arrazoiak bazeuden tartean: aurten 150 urte beteko dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruak abolitu zituztenetik, eta 50 urte Bergaran (Gipuzkoa) Alkateen Mugimendua abian jarri zenetik. Bi urteurren horien harira elkartu dira hamalau herritako alkateak, EAJkoak zein EH Bildukoak, eta adierazpen batean «Euskal Herriaren nazio izaeran» eta burujabetzaren bidean «urrats gehiago» egiteko beharra berretsi dute.
Sinbolismoz beteriko ekitaldia izan da, eta adierazpena egiteko hautatutako lekua ere halakoxea zen: Gernikako Juntetxea (Bizkaia), Euskal Herriko eskubide historikoen ikur den arbolaren magalean. Hautetsiak hara iritsi direnean, hartuta topatu dute lekua: udaleku bateko haurrak zeuden han, arbolaren gerizpean txintxo-txintxo, taldeko argazki bat egiten. Inguruan, Japoniako turista talde bat galdezka ari zen, Picassoren Gernika margolanaren erreplika aurkitu nahian.
Izaro Elorza Oñatiko alkateak (EH Bildu) eta Leire Artola Besaingoak (EAJ) irakurri dute adierazpena. Bi mugarri historikoak hartu dituzte gomutan: batak arrasto mingotsa utzi zuen euskal herritarren oroimen kolektiboan; itxaropena piztu zuen besteak. Alkateek gogorarazi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foruen galera kate luze baten azken katebegia izan zela: lehenago, 1841ean, Lege Hitzartuak erabat murriztu zuen Nafarroa Garaiaren subiranotasuna, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 1789-1790 urteetan indargabetu zituzten eskubide historikoak.
«Euskal Herria ukatuta dago oraindik, zatituta eta burujabetza nazionalik gabe; ez du oraindik berreskuratu bere burujabetza osoa»
LEIRE ARTOLA Beasaingo alkatea
«Erabaki haiek herri borondatearen gainetik ezarri ziren, eta ondorio sakonak izan zituzten Euskal Herriaren egituraketa instituzionalean, lurralde artikulazioan eta autogobernuan», esan dute alkateek.
Foruen aboliziotik ehun urte bete zirenean, 1976ko uztailaren 21ean, hainbat udal ordezkarik bilera egin zuten Bergaran. Oso bestelako jitea izan zuen ekitaldi hark: han, «Euskal Herriaren nortasun nazionala, eskubide historikoak, udal tradizio demokratikoa eta autogobernurako nahia» aldarrikatu zituzten alkateek. Alkateen Mugimenduaren sorburua izan zen hura, eta hark garrantzi handia izan zuen trantsizioan, diktaduraren amaierarekin batera burujabetza berreskuratzeko itxaropenak berpizten ari zirenean.
Orduko alkateen adierazpen hark ez du baliorik galdu, egungo alkateen iritziz: «Euskal Herria ukatuta dago oraindik, zatituta eta burujabetza nazionalik gabe. Euskal Herriak ez ditu oraindik berreskuratu ez bere lurraldetasuna, ez bere burujabetza osoa; eta, ondorioz, bere etorkizun politikoa modu libre, demokratiko eta burujabean erabakitzeko gaitasun mugatua du oraindik ere».
Egungo erronkak
Iraganeko gertakariei ez ezik, egungo egoerari ere erreparatu diote alkateek. Agirian azaldu dutenez, Euskal Herriak «erronka garrantzitsuak» ditu aurrean: eraldaketa ekonomikoa, energia trantsizioa, ongizate estatuaren etorkizuna, migrazio fenomenoak, euskararen biziberritzea eta segurtasun geopolitikoa, besteak beste. Eta erronka horiei aurre egin ahal izateko gakoa «botere politiko eraginkorra» da.
Izan ere, alkateek uste dute gaurko erronkei ezin zaiela «atzoko tresnak» erabiliz erantzun: «Burujabetzaren alde egiten dugunean, ez dugu soilik erakunde gehiago edo eskumen gehiago eskatzen. Gure herriaren ongizatea, kohesio soziala eta etorkizuna erabakitzeko beharrezkoak diren tresna politikoak eskatzen ditugu».
Horregatik pentsatzen dute Euskal Herriak «autogobernu eta burujabetza handiagoa» behar duela: «Erronka horiei guztiei ezin zaie behar bezala erantzun eskumen mugatuak edukita, menpekotasun politikoa izanda eta erabakigune nagusiak Euskal Herritik kanpo egonda».
«Burujabetzaren alde egiten dugunean, ez dugu soilik erakunde gehiago edo eskumen gehiago eskatzen. Gure herriak beharrezko dituen tresna politikoak eskatzen ditugu»
IZARO ELORZA Oñatiko alkatea
1976ko alkateek egin zuten moduan, egungo hautetsiek ere berretsi dute «Euskal Herriaren nazio izaera, bere lurraldeen arteko lotura historiko, kultural, linguistiko eta politikoa, eta herritarrek beren etorkizun politikoa modu libre eta demokratikoan erabakitzeko duten eskubidea». Eta dei egin dute burujabetzaren bidean «urrats gehiago» egitera eta autogobernua eguneratzera, «gaur egungo behar demokratiko, sozial eta instituzionaletara egokituta».
Bi urteurrenen harira, ekitaldi politiko eta instituzional bat egingo dute Bergaran uztailaren 19an. Harekin bat egin dute hamalau alkateek, eta hara joateko deia egin diete gainerako udal ordezkariei. Euskal Herriko bestelako erakundeei ere egin diete gonbita, eta beren-beregi aipatu dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, Eusko Legebiltzarra, Nafarroako Parlamentua, Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua eta Euskal Hirigune Elkargoa. Txalo zaparrada batez amaitu dute ekitaldia.
AGIRIA IZENPETU DUTEN ALKATEAK
- Agurain. Raul Lopez de Uralde (EH Bildu).
- Amurrio. Txerra Molinuevo (EAJ).
- Andoain. Andoni Alvarez (EH Bildu).
- Asparrena. Txelo Auzmendi (EH Bildu).
- Azkoitia. Ana Azkoitia (EAJ).
- Beasain. Leire Artola (EAJ).
- Bermeo. Nadia Nemeh (EH Bildu).
- Berriozar. Iker Mariezkurrena (EH Bildu).
- Ereño. Ager Lejarreta (EAJ).
- Etxarri Aranatz. Maria Saez de Albeniz (EH Bildu).
- Legutio. Nerea Bengoa (EAJ).
- Oñati. Izaro Elorza (EH Bildu).
- Santurtzi. Itziar Carrocera (EAJ).
- Zamudio. Lander Aretxabaleta (EAJ).