Osasun mentaleko gaitzen bat duten 50 urtetik gorako herritarren %11 bakarrik sentitzen dira beti, eta %45ek heriotzari buruzko pentsamenduak izan dituzte noizbait. Horra Buru osasuneko arazoak dituzten pertsonen zahartzea EAEn ikerketan ateratako ondorioetatik pare bat. Buru Osasuna Euskadi fundazioak egin du azterlana, EDE fundazioarekin batera, eta aztergai izan dute osasun mentalak zer eragin duen zahartzaroan. Azpimarratu dutenez, buru osasuneko arazoek, ondorio fisiko eta kognitiboez gain, arrasto emozional eta sozialak ere izaten dituzte. Gaur goizean aurkeztu dute txostena, Gasteizko Europa jauregian.
Ikerketa egin duen fundazioko lehendakari Maria Jose Canok azaldu duenez, bi aldiz estigmatizatu ohi dira gaitz mentalen bat duten adinekoak: adinkeriagatik eta gaitz mentalen bat izateagatik; eta eskatu du azter daitezela bi aldagaien artean dauden loturak. EDE fundazioko Irama Bidorreta ikerlariak, bestalde, ondorio nagusiak aurkeztu ditu. Haren esanetan, ohikoa da pentsatzea gaitz mentalek ondorio fisikoak eta kognitiboak izango dituztela zahartzaroan, baina bestelako ondorioak ere badira.
Zehazki, ondorio fisikoak, kognitiboak, emozionalak, sozialak eta ekonomikoak jaso dituzte txostenean, besteak beste. Lehenengoen harira, zenbait datu esanguratsu aipatu dituzte: aztertu dituzten pertsonen %26k zailtasunak izaten dituzte eguneroko jarduerak egiteko, eta %47k min fisikoak dituzte. Arlo kognitiboari dagokionez, %54ri kosta egiten zaie azkenaldiko gertaerak oroitzea. Azaldu dutenez, zenbait adituk diote balitekeela gauzak ahaztea gaixoek hartzen dituzten botiken albo ondorioa izatea.
Arlo fisikoaz eta mentalaz bestelakoak
Arlo emozionalari lotutako datuak ere eman dituzte. Ikertu dituzten herritarren %21ek adierazi dute inoiz ez daudela pozik, eta %45ek aitortu dute heriotzari buruzko pentsamenduak izan dituztela. Errealitate horretan, bestelako faktoreek dute pisua, Bidorretaren esanetan: «Bostetik batek ez dauka inor bere arazo pertsonalak kontatzeko, eta %17 bakarrik sentitzen da; tarteka bakarrik sentitzen direnen kopurua, berriz, sei puntu handiagoa da».
Ikertutakoen ekonomia ere aztertu dute, eta ondorio adierazgarria atera: inkestatutakoen erdiak oso prekario bizi dira. %43,8k mila eurotik beherako diru sarrerak dituzte hilean; eta hamar lagunetik hiruk inguruko norbaiten sostengu ekonomikoaren beharra daukate. Gehientsuenen kezkek ere horrexekin dute lotura. %61 asko kezkatzen du familiaren «zama bilakatzeak», eta hamarretik sei arduratuta dago etorkizunean egoitza batera joatearekin.
%43,8Zenbatek dituzten mila eurotik beherako diru sarrerak hilean. Oso prekario bizi dira inkestatutakoen erdiak: %43,8k hilean mila eurotik beherako diru sarrerak dituzte, eta hamar lagunetik hiruk inguruko norbaiten sostengu ekonomikoaren beharra daukate.
Canok azaldu du alde handia dagoela gaixotasun mental kroniko bat izanda zahartzarora heltzen direnen edo zahartzaroan gaixotasun mental bat garatzen dutenen artean. Adierazi duenez, ikertu dituztenen gehienak lehenengo multzokoa dira, eta, batez beste, 27 urte daramatzate gaixorik. Soslaiari dagokionez, azpimarratzeko datu batzuk eman dituzte: %48,9k beste gaixotasun bat ere badute, ia denak medikatzen dira, eta %81,1ek jasotzen dute tratamendu psikologikoa. Bizimoduari dagokionez, %45 sedentarioak dira, eta erdiek baina gehiagok erre egiten dute.
Hain zuzen ere, Canok  azken horiei eman die garrantzia proposamenen atalean. Esan du bizimodu osasuntsua sustatzea premiazkoa dela, eta horretarako baliabideak jarri behar direla. Horren harira, nabarmendu du neurriak hartu behar direla herritar horiek aisialdiko programetan parte hartzea bermatzeko.
Era berean, iritzi dio funtsezkoa dela familiei laguntza integrala eskaintzea ere: «Pertsona hauen inguruan dauden bikotekideak, senideak eta abar ere zahartzen ari dira. Nahi baldin badugu buruko arazoren bat dutenak ahalik eta denbora gehien egotea etxean, beharrezkoa da familiei baliabideak ematea».
Eskaera argiak
Lekukotzak entzuteko aukera ere izan da agerraldian. Osasun mentaleko arazoak dituen pertsona baten senide batek hartu du hitza, eta instituzioei eskatu familientzako informazio kanpainak lehenesteko. Halaber, burokrazia azkartzea galdegin die, oraingo sistema «eromena» delako hainbatentzat. Herritarrei ere mintzatu zaie oro har, osasun mentaleko gaitzen bat dutenekin eta haien senideekin enpatiaz jokatu dezatela eskatzeko.
Solasaldiaren amaieran, buruko osasun arazo bat duen 57 urteko emakume batek hitz egin du. Kontatu du egunero egin behar duela bizitzari zentzua topatzeko esfortzua, eta argi esan du gizarteak geroz eta traba gehiago jartzen dizkiola: «Jendeak ez gaitu ulertzen; bizilagunek sarri esaten didate denok ditugula arazoak, eta pasatuko zaidala». Halere, aipatu du berak «zortea» duela, familiak ulertzen duelako autonomoa dela, eta hori errespetatzen duelako. Gaineratu du ez duela zahar etxe batera joan nahi.