CAFekin zuen harremana eten du EHUk, enpresak Israelekin duen loturagatik

Palestina Gora elkartearen arabera, EHUk emandako pausoa garrantzitsua da instituzioen «erantzukizun etikoa» indartzeko bidean.

Palestinaren aldeko manifestazio bat, ekainean, CAFen akziodunen batzarraren aurrean, Beasainen. JON URBE / FOKU
Palestinaren aldeko manifestazio bat, ekainean, CAFen akziodunen batzarraren aurrean, Beasainen. JON URBE / FOKU
nerea intxausti
2026ko urriaren 21a
20:50
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal Herriko Unibertsitateak ez du berritu CAFekin zeukan lankidetza hitzarmena. Unibertsitateak eta enpresak lankidetza bat eskaintzen zuten elkarrekin Bilboko Ingeniaritza Eskolan. EHUk harremana eten du, zin egin baitzuen Israelekin zituen loturak berrikusiko zituela, eta CAFek halakoak dituela iritzi dio. Palestina Gora elkartearen arabera, erabakia «positiboa» da. 

2022an abiatu zuten lankidetza hori, baina Israelek Gazaren aurka hasitako erasoaldiaren ondorioz, eta unibertsitateko lantalde batek egindako ikerketa bat tarteko, EHUko gobernu kontseiluak harremana ez berritzea erabaki du. Are, EHUk ziurtatu du saiatu direla «zenbait alditan» CAFekin bilerak egiten, baina ez dutela erantzunik izan.

Palestinaren aldeko elkarteak txalotu egin du lankidetza hitzarmena ez berritzea, eta goretsi egin du unibertsitateak «printzipio etikoen, justiziaren eta giza eskubideen alde hartutako konpromisoa herri palestinarra jasaten ari den urraketen aurrean». Iritzi diote EHUk emandako pausoa garrantzitsua dela instituzioen «erantzukizun etikoa» indartzeko bidean. «Eredu» izan beharko lukeela ere gaineratu dute, eta keinua eskertu diote.

Zehaztu dute halako erabakiek agerian uzten dutela unibertsitatea ez dela ikasteko eta ikerketarako lekua soilik, «giza duintasuna defendatzeko» eta «giza eskubideen alde posizionatzeko» ardura duen instituzioa ere badela. Erantsi dute «okupazioa amaiarazteko beharrezko presio soziala bultzatzen» lagundu dezaketela halako erabakiek, bai eta palestinarren autodeterminazioa errespetatzen ere.

Gaiak
Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA