CAFeko enpresa batzordeak jakinarazi du langile batek jarritako ezkutuko kamera bat topatu zutela Beasaingo (Gipuzkoa) lantegiko komun batean. Langile horrek bere burua aurkeztu zuen astelehenean, eta lantegian gaixo agiria eskatu. Langile batzordeak zehaztu du informazio hori guztia klausula konfidentzial baten pean jakinarazi ziela zuzendaritzak, eta horregatik ez dutela plazaratu gaur arte.
Oharrean zehaztu dutenez, tren ekoizpenean aritzen den enpresa horretako zuzendaritzak enpresa batzordea berehala biltzeko eskatu zuen ostiralean. Orduan jakinarazi zuten giza baliabideetako arduradunek kamera ezkutu bat topatu zutela lantegiko komun batean. Gaineratu zuten salaketa jarri zutela Ertzaintzan, eta komun hori erabiltzen zuten langileei banan-banan eman zietela kameraren berri.
Astelehenean, zuzendaritzak beste bilera bat egin zuen, langile batzordeari kasuaren berri emateko. Orduan jakinarazi zieten langileak bere burua aurkeztu zuela, eta gaixo agiria eskatu zuela lantegian. Enpresak argitu zuen gertatutakoa berehala jakinarazi ziola Ertzaintzari. Prozedura judiziala abian da.
Inpunitaterik ez
«Kasuaren larritasuna kontuan hartuta», langile batzordeak elkartasuna adierazi die biktimei: «Batzordearen eta langile guztien izenean, elkartasun osoa adierazi nahi diegu eraso hau jasan duten guztiei». Gaineratu dute ezinbestekoa dela lan inguruak seguruak direla bermatzea: «Lanlekuek seguruak izan behar dute. Edozein sexu eraso onartezina da, eta ez dugu halako jarrerarik onartuko CAFen instalazioetan».
Batzordeak salatu du behin betiko amaitu behar dela «batzuek sentitzen duten inpunitatea». Uste dute horrelako ekintzek «gizarte osoaren gaitzespen zabala eta sendoa» eskatzen dutela: «Ez dago inolako aitzakiarik, ezta justifikaziorik ere». Erantsi dute CAFen protokolo zehatz bat dagoela sexu erasoen kontra, eta eskatu dute langileren batek horrelakorik jasanez gero «segituan» batzordearekin harremanetan jartzeko.

