CAFeko zenbait enpresa batzordek Israelekiko harremanak mozteko eskatu diote zuzendaritzari

Gogorarazi dute CAFi «okupazioaz baliatzea» egotzi diotela NBEren txosten batean. «Nazioarteko legeria errespetatzeko» eskatu diote zuzendaritzari.

Ekainean Donostian egindako manifestazioa, CAFi eskatzeko Israelekiko harremanak eten ditzala. JON URBE / FOKU
Ekainean Donostian egindako manifestazioa, CAFi eskatzeko Israelekiko harremanak eten ditzala. JON URBE / FOKU
gotzon hermosilla
2025eko uztailaren 8a
17:50
Entzun 00:00:0000:00:00

CAFekin lotutako zortzi enpresatako langile batzordeek eskaera egin diote zuzendaritzari, Israelekin dituzten harreman komertzial guztiak bertan behera utz ditzaten. Zehazki, Beasaingo CAF, Irungo CAF, CAF Power & Automation, Trenasa, Zornotzako CAF Signalling, CAF TE Tailerrak, Rail Line eta Geminys enpresetako batzordeek egin dute eskaera: CAFek nazioarteko legeria errespeta dezala, ez dezala giza eskubideen inolako urraketarik eragin, eta bertan behera utz ditzala Israelekin dituen harreman komertzial guztiak.

Langile batzordeek gogorarazi dute Francesca Albanese Palestinari buruzko NBE Nazio Batuen Erakundearen kontalari bereziak txostena argitaratu zuela uztailaren 1ean, «okupazioaz baliatzen diren enpresak» seinalatzeko. CAF txosten horretan agertzen zen, Jerusalemgo tren arinaren proiektuan duen parte hartzeagatik, eta «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzea egotzi zioten.

Txostenaren arabera, mota horretako garraio azpiegiturek «koloniak ezartzea, zabaltzea eta Israelekin lotzea» dute helburu. Enpresa batzordeek gogorarazi dute 2018tik ari direla salatzen lan horiek indartzen dutela «Israelen kolonizazio estrategia» eta proiektuak «Palestinako herriaren eskubide oinarrizkoenak» urratzen dituela.

NBEren kontalari bereziaren txostenak areagotu ditu enpresa batzordeen kezkak, «proiektuaren legezkotasuna» ezbaian dagoelako, eta horretan parte hartzeak eragina izan dezakeelako «enpresan bertan eta etorkizuneko proiektuen bilakaeran». Horregatik, hiru eskaera egin dizkiote zuzendaritzari: «nazioarteko legearen errespetua» berma dezala; haren jarduerak ez dezala giza eskubideen urraketarik eragin; eta amai ditzala Israelekin dituen harreman komertzial guztiak, «bereziki nazioarteko legeriaren arabera legez kanpo okupatutako lurraldeetan».

Sidenorren afera

LABek eman du enpresa batzordeen erabakiaren berri, eta haien jarrera txalotu eta babestu du. Sindikatuak gogorarazi du NBEren txostena argitaratzeaz batera iritsi zela Sidenor enpresaren kontrako protesta Israeli altzairua saltzeagatik, eta salaketa eta protesta horien ondorioz Sidenorrek jakinarazi zuela Israelekin zituen merkataritza harreman guztiak eteteko asmoa. Erabaki hura «Palestinarekiko euskal elkartasunaren garaipentzat» jo du LABek.

NBEren kontalari bereziaren txostenean, teknologiaren, armen, turismoaren eta finantzen sektoreetako 48 enpresa handi aipatzen dira, eta, CAFez gain, IBM, Microsoft, Amazon, Google, Booking, Glencore, BP eta BNP Paribas ere ageri dira. Txostenaren arabera, «icebergaren punta» baino ez dira horiek, askoz gehiago baitira «genozidioaren ekonomiatik» etekina ateratzen duten enpresak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.