Candido Saseta Eusko Gudarosteko buruzagiaren irudia publikoki goraipatzeko eskatu dute hainbat lagunek gaur Donostian, haren gorpuzkinen aurkikuntzaren aurkezpenean. Espainiako Gerran hil zuten Saseta tropa frankistek, Arecesen (Asturias, Espainia) eta orduz geroztik desagertuta egon da bere gorpua.
Sasetaren gorpuaren aurkikuntza abiapuntua besterik ez dela izan adierazi dute, beste 80 bat gudarien gorpuak han jarraitzen dutela gogoraraziz. Hala ere, haien gorpuzkinak lortzea lan handia izan arren —Asturiasen daude, baliabideak…— saiatuko direla jakinarazi dute.
Aurkezpenean izan dira besteak beste Iñaki Egaña historialaria, Francisco Etxeberria EHUko medikuntza irakasle eta Aranzadi Zientzia elkarteko kidea, Arantxa Saseta Candido Sasetaren iloba, Joxerra Enparanza Sasetaren memoria berreskuratzeko elkarteko burua, Miren Legorburu Hondarribiko zinegotzia eta Alberto Muñoz EAE-ANVko kidea. Jendeartean Sasetaren beste senide batzuk ere baziren.
Candido Saseta 1904an jaio zen Hondarribian. Karrera militarra egin zuen, baina abertzalea zen ideologiaz. 1936an gerra lehertu zenean errepublikarrekin egin zuen bat. 1937an Eusko Jaurlaritzak zortzi bataloi bidali zituen Oviedo ingurura (Asturias) tropa frankistetatik askatzeko asmoz, eta Saseta izan zen Eusko Gudarosteko buruzagia. Baina porrot egin zuten. Arecesen 80 bat gudari hil zituzten faxistek, horien artean Candido Saseta.
Orduz geroztik ez dute gorpuzkinen kokalekuaren inguruko berririk jakin; Areces inguruan zirela bazekiten, baina ez zuten ez informazio ezta baliabiderik izan gorpuak aurkitzeko.
Aranzadi Elkartea Sasetaren gorpua aurkitzeko lanean aritu da, eta pasa den larunbatean aurkitu zuten Arecesen. Etxeberriak herritarren laguntza “beharrezkoa” izan dela azpimarratu nahi izan du, eta eskerrak eman dizkie. Herritik 500 bat metrotara zegoen gorpua El pradón de los vascos deituriko zelai batean. Lekuko batzuk emandako aztarnei jarraiki aurkitu zuten; zehazki, horietako batek xehetasun handiak eman zizkien “bide bazterrean eta zuhaitz baten albo batean” zegoela esan zielako. Azkenean, 17:00ak aldera aurkitu zuten gorpuzkina nahiko egoera txarrean, eta Euskal Herrira ekarri dute. Horrez gain, Sasetarenak izan daitezkeen idazluma ingeles bat, bi metxero eta kaskilo bat aurkitu dituzte.
Duela zortzi urte Hondarribiko bi elkarte haren memoria berreskuratzeko lanean aritu dira. Saseta garrantzi handiko pertsonaia izan zen arren, jendartean bere berri gutxi zabaldu dela uste dute, eta beraiek horren alde lanean aritu dira. Iaz, esaterako, Sasetaren heriotzaren 70. urteurrena ospatu zuten, eta omenaldia bat egin zioten herriko hilerrian. Hala ere, Gernikan (Bizkaia) omenaldi publiko bat egitea eskatu diete agintariei.
Arantxa Saseta ilobak, eskerrak eman nahi izan dizkie Aranzadi Zientzia elkarteko kideei, Hondarribiko jendeari eta osabaren gorpua aurkitzen lagundu duten pertsona guztiei.
Oroimena
Candido Sasetaren gorpua aurkitu dute
Joan den larunbatean egin zuten Eusko Gudarosteko buruaren gorpuzkinen aurkikuntza Arecesen (Asturias, Espainia), eta Euskal Herrira ekarri dituzte. Beste 80 bat gudariren gorpuek han jarraitzen dute. Sasetari omenaldia egiteko eskatu diete agintariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu