CANen «isiltasun ituna hausteko asmoz», Bilduk 36 galdera egin dizkio Barcinari

'Pejenaute auzia' ez dute itxi nahi, eta, zalantza guztiak argitzeko, erregistratu egin dituzte galderak parlamentuan

joxerra senar
Iruñea
2012ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Aurreko astean, Yolanda Barcina Nafarroako lehendakariak izkin egin zien oposizioko alderdiek Pejenaute auzia-ri buruz egindako galderei. Hori kontuan hartuta, Nafarroako Bilduk 36 galdera erregistratu ditu. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz parlamentarien ustez, iragan asteko agerraldian «bere erantzukizuna eta UPNrena estaltzen saiatu zen» Barcina, eta ez zuen egin «barkamena eskatzeko keinu bakar bat ere». Gainera, PSNk UPNri lagundu egiten diola dio Bilduk. «Bestela ezin da ulertu PSNren jarrera». Gogora ekarri dute Roberto Jimenezekesandakoa: «Nafarroako Kutxan ez da ezer gertatu».

Nafarroako Kutxak gobernuari edozein informazio eman diezaiokeenez, Bilduk 36 galdera egin dizkio Barcinari. Alde batetik, eskatu dio argitzeko 500 euroko billetetan zenbat diru trukatu zuen Pejenautek eta zenbat agindu zuen trukatzeko, bertsio kontrajarriak baitaude. Ustez, Bartzelonako etxebizitza bat salduta eskuratu zuen dirua. Horregatik, Bilduk galdetu du Nafarroako Kutxari zenbat diru aitortu zion, eta kutxan edo Ogasunean inork ziurtatu al zuen salmentaren prezioa hori zela. Galdetu diote, halaber, ea egiaztagariak ba al dituzten.

Jesus Pejenaute garbi zegoela arrazoitzeko, Barcinak esan du Espainiako Bankuak ez zuela topatu zigortzeko arrazoirik. Bilduk galdetu dio non dagoen txosten hori. Garai hartan, Barcina kontrol batzordeko presidente zen, eta ikuskaritza batzordeko kide ere bai. Bi organo horietan zer erabaki hartu eta zer pauso eman ziren galdetu dio, eta kapital zuritzearen aurkako departamentuan zenbat tekniko mugitu dituzten kargutik. Jakin asmo dute Barcinak erabaki al zuen zigor espedienterik ez ezartzea. Galdetu dio zenbat denbora pasatu zen ikuskaritza batzordeak erabakia hartu eta Pejenautek erretiro aurreratua hartu zuenetik. Zenbat diru jaso zuen ere jakin nahi dute. Era berean, galdetu diote zergatik kontratatu zuten Vialogoseko zuzendari gisa, eta ea zergatik esan zuen Barcinak mundu guztiak zekiela eta inork salaketa jarri zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.