Canon Françaisen kontra mobilizatu dira berriz, Blancok etikaldiari babesa adierazirik ere

Visa64 kolektiboak elkarretaratzea egin du Miarritzen, herriko kontseilua iragaten ari zen denboran. Ostiralean bildu ziren Serge Blanco auzapezarekin, baina banketearen ezeztatzeko borondaterik ez zuen agertu.

Leire Casamajou Elkegarai
2026ko azaroaren 2a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bata bestearen ondotik antolatzen dabiltza Canon Français enpresak Miarritzen (Lapurdi) egitekoa duen oturuntzaren kontrako egitasmoak eta elkarretaratzeak. «Euskal banketea» deitu diotenaren ezeztatzeko ahaleginean, beste behin, Miarritzeko herriko etxearen aitzinean bildu dira gaur hainbat herritar militante, Visa64 kolektiboak deiturik.

Joan den astean, haatik, Serge Blanco Miarritzeko auzapezak zera adierazi zion Mediabask astekariari: «Deusek ez dio debekatzen Canon Françaisi berak nahi duen gisan aritzea lurraldean». Visa64 kolektibokoak ostiralean bildu ziren Blancorekin, eta haren posizioa berretsi zuen.

Canon Français enpresak azaroaren 28an antolatzekoa du bere oturuntza erraldoia Euskal Herrian, Miarritzen, zehazki: aurreikusi denez, bi mila pertsona inguruk Irati aretoan bazkalduko dute. Baina bazkari bat izateaz gain, «bankete faxista» ere bada Canon Françaisek antolatzen duena, hainbat kolektibok salatu dutenez.

Erraterako, delako oturuntza Ipar Euskal Herrian egitekoa zutela iragarri dutenetik, hainbat dinamika piztu dira ekitaldiaren kontra egiteko. Hainbat sindikatu eta ekinaldi antifaxista biltzen dituen Visa64 kolektiboaz gain, sare autonomo bat mobilizatzen ari da oturuntzaren kontra, baita Herri Harresia dinamika ere, ikuspegi abertzaletik begiratzen diona «besta frantseszaleari».

Aitzitik, halakoetan irain arrazistak, homofoboak eta ikur naziak zabaltzen dituzte, zenbait hedabidetan frogatu izan dutenez. Zeren Canon Françaisenak ez dira edozein bazkari: aitzitik, halakoetan irain arrazistak, homofoboak eta ikur naziak zabaltzen dituzte, zenbait hedabidetan frogatu izan dutenez.

Gainera, Pierre Edouard Sterin eskuin muturreko miliarduna ekitaldi horien finantzatzaile nagusien artean dago, zeinak Perikles planaren bidez eskuin muturra indartzeko balioko duten sare politiko, mediatiko eta kulturalak sortu eta finantzatzen baititu. Perikles izendapenaren hizki bakoitzak proiektu politiko horren hitzak zehazten ditu: patriotak, errotuak, erresistenteak, identitarioak, kristauak, liberalak, europarrak eta subiranistak.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA