«Carlos Martinez, transfoboa, faxista, matxista eta sionista». Esaldi hori EHUren Donostiako Campusean agertu dela salatu du Carlos Martinez Gorriaran EHUko irakasleak. X sare sozialean egin ditu adierazpenak: «Atzera bueltatu gara: irakasleen kontrako jazarpen kanpaina EHUn, zigorrik gabe. Askatasunari uko egiten badiozu segurtasuna izateko, biak galduko dituzu».
Zehazki, ikasleek asanblada irekia deitu zuten atzo eguerdirako: campusean irakasle faxista bat zegoela zioten deialdian, eta haren hainbat txioren argazkiak ageri ziren bertan. Bada, kartel horietako baten gainean Carlos Martinez irakaslearen izena agertu da gaur goizean, baina inork ez du horri buruzko adierazpenik egin.

Jon Insausti Donostiako alkateak Martinezen kontrako mezuak gaitzetsi ditu, eta babesa erakutsi dio irakasleari: «Ez da pertsona baten kontrako erasoa soilik, askatasun akademikoa mehatxatzeko saiakera bat baizik». «Euskal unibertsitatea benetan askea izango da, bertan beldurrik gabe pentsatu eta eztabaidatu badaiteke», adierazi du.