Aldaketaren gobernua sostengatzen duten lau indarren aldeko botoekin, Nafarroako Legebiltzarrak joan den astean Burlatan tortura salatzeagatik atxilotu zituzten zortzi lagunen kontrako operazioa errefusatu du. EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak aurkeztu dute adierazpena gaur, Bozeramaileen Batzordean, eta Geroa Baik ere babesa eman dio. Adierazpen horretan, Burlatako atxiloketek zentzurik ez dutela azpimarratu du parlamentuak: "Helburu bakarra tortura salaketak isilaraztea da". Legebiltzarraren hitzetan, Carmen Alba Espainiako Gobernuko ordezkariaren motibazioa politikoa izan zen, eta "oso larritzat" jo du. "Giza eskubideak eta adierazpen askatasuna urratu ditu berriro" horrek, parlamentuaren hitzetan, eta, horregatik, haren dimisioa eskatu du. Gainera, zortzi atxilotuei, Burlatako alkateari eta udalari, eta torturak jasan dituztenei elkartasuna adierazi die legebiltzarrak.
Adolfo Araiz EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du motibazio politikoa izan zutela atxiloketek. Koldo Martinez Geroa Bai-koak, berriz, "muntatze polizial bat" izan zela: "Ez dakit zer helbururekin egin zuten, baina adierazpen askatasunaren kontrako erasoa dirudi", gaineratu du. Laura Perez Ahal Dugu-ren ordezkariak adierazi du tortura salatzea ezin dela delitu izan, eta ez litzatekeela zigortu behar. Jose Miguel Nuin Ezkerrakoak nabarmendu du ez zegoela epailearen agindurik atxiloketetarako.
UPNk, PSNk eta PPk, berriz, kontra bozkatu dute. Carlos Garcia Adaner UPNkoak Geroa Bai eta Ezkerra izan ditu jomugan, eta Alba kritikatzea onartezina dela esan du. Maria Txibitek errespetua adierazi die Espainiako segurtasun indarrei. Ana Beltran PPkoak esan du adierazpen hori onartzea Albari delitu bat leporatzea dela, eta beretzat hori "lotsagarria" da.