euskal presoak

Carmen Gisasola behin betiko aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak

Eneko Aizpuru ere, Segiko kide izatea leporatuta espetxeratua, aske utzi dute gaur.

2014ko azaroaren 24a
10:30
Entzun

Gisasola (Markina-Xemein, Bizkaia, 1958) 1990etik zegoen espetxean, hasieran Frantziako Estatuko espetxeetan, gero Espainiakoetan, eta azkenik Zaballakoan (Araba). 2009an Langraiz bidea hartu zuten presoetako bat da —kritiko azaldu ziren ezker abertzalea eta ETArekiko, eta handik aldendu ziren—. Azken hiru urteetan espetxe baimenekin zegoen, eta sei hilero hamazazpi egun libre izaten zituen. Haren zigorra behin betiko etetea erabaki du Auzitegi Nazionalak, Estrasburgok Parot doktrinaz iaz hartu zuen ebazpena aintzat hartuta eta Frantzian ezarri zioten 10 urteko zigorra Espainiako zigorrean ere aintzat hartuta.

Espainiako Auzitegi Gorenak agindu zion iaz abenduan Auzitegi Nazionalari haren zigorra berriro aztertzeko, eta gaur erabaki du ekainaren 4an amaitu zuela zigorra.

Gisasolaz gain, Eneko Aizpuru ere aske geratu da gaur. 2009an Jarrai, Haika eta Segiren aurkako sumarioan epaitu zuten eta espetxera zigortu. Granadako espetxean zegoen orain eta handik aterata hartu du Euskal Herrirako bidea. Aizpuru Frantziako Poliziak atxilotu zuen 2005eko uztailean eta Espainiaratu egin zuten. 2006an geratu zen aske, epaiketaren zain.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.