Batu etxebizitza sindikatuak salatu duenez, Cerberus putre funtsak bi lagun etxegabetu nahi ditu Basaurin (Bizkaia). Funtsarekin eta haren ordezkari aritzen den Solvia etxe agentziarekin negoziatzen saiatu dira, baina ahalegin guztiak antzu gertatu dira, eta funtsaren asmoa da etxegabetzea ostegunean egitea, hilaren 13an. Egun horretarako deialdia egin du sindikatuak, 08:30ean, Basauriko Agirre Lehendakaria kaleko 82 zenbakian, etxegabetzea geldiarazten saiatzeko.
Bi auzokideek bost urte inguru daramatzate etxebizitza horretan bizitzen, alokairuan. Hasieran, ezin izan zuten alokairu kontraturik egin paperik ez zutelako, eta jabea ez zen beste pertsona bati ordaintzen zioten alokairua. Hura desagertu zen arte, arazorik gabe egon ziren han bizitzen, baina duela pare bat urte Cerberusek mezua igorri zien, eta jakinarazi bizilagunak kaleratzeko asmoa zuela.
Geroztik, bizilagunak putre funtsarekin negoziatzen ahalegindu dira. Kontratu bat sinatzeko proposamena egin diote funtsari, eta alokairua ordaintzeko prest azaldu dira. «Guk alokairu sozialaren alde egiten dugu», azaldu dio BERRIAri Batu etxebizitza sindikatuak, «baina, kasu honetan, eta auzokideak kalean gera ez daitezen, beste irtenbide bat negoziatzeko prest geunden, merkatuan dauden prezioetatik gertuago». Hala ere, funtsak muzin egin dio aukera hori aztertzeari ere: sindikatuak esan duenez, haiekin izandako harreman guztiak posta elektronikoaren bidez izan dira, eta ez dute lortu haiekin aurrez aurreko bilerarik egiterik.
Sindikatuak gogorarazi du Cerberus inbertsio taldeak AEBetan duela egoitza, eta haren negozio nagusia dela «etxebizitza espekulaziorako langai bilakatzea». 2012tik, putre funtsek 400.000 etxebizitza inguru eskuratu dituzte Espainiaren administraziopeko lurraldeetan.
Erakundeen jarrera
Erakundeen erantzukizuna ere nabarmendu dute Batuko kideek: «Gobernuek eta etxebizitza legeek ez dute egoera hau geldiarazi. Erakundeen konplizitatea etengabea izan da, eta bide eman die milaka etxegabetze egiteari eta alokairuen prezioa %100 baino gehiago igotzeari». Sindikatuaren ustez, erakunde eta politikari profesionalek «adabakiak» jartzen dituzte, irtenbideak proposatu beharrean: «Herritarrok ez gara haien lehentasuna, eta ez gara inoiz izan».
Horren aurka, «borroka eta antolakuntza» proposatu du Batuk, «horixe baita denontzat etxebizitza duina bermatzeko modu bakarra». Eta dei egin du kaleratu nahi dituzten bizilagunen etxebizitza defendatzera: «Ez dugu etsiko. Borrokan jarraituko dugu alokairuen prezioen igoeraren kontra, bermerik ezaren kontra, hiritik botatzen gaituzten hirigintza proiektuen kontra, emantzipaziorako aukerarik ez duten Basauriko gazteen alde».