Cerdanek ez du diputatu akta entregatu oraindik

Hilaren 25ean bere borondatez joango da epailearen aurrean deklaratzera, eta PSOEko iturri batzuek ez dute baztertu ordura arte aktari eustea.

Santos Cerdan Espainiako Kongresuan, ostegunean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
Santos Cerdan Espainiako Kongresuan, ostegunean. BORJA SANCHEZ TRILLO / EFE
xabier martin
2025eko ekainaren 14a
13:30
Entzun 00:00:0000:00:00

Santos Cerdanek diputatu akta utziko zuela iragarri zuen ostegunean, dimisioa emateko gutunean, baina oraindik ez du bete esandakoa. Atzo, 18:00etan itxi zuten Espainiako Diputatuen Kongresuko erregistroa, eta ez zen PSOEko Antolakuntza idazkari ohiaren berririk izan. Alderdiko hirugarren kargua izan denak bere borondatez deklaratuko du epailearen aurrean, ekainaren 25ean, eta iturri sozialista batzuek ez dute baztertu ordura arte diputatu aktari eustea.

Hau da, epailearen aurrera forudun gisa joatea izan daiteke Cerdanen asmoa; diputatu izatearen pribilegioari esker, Guardia Zibilaren UCO adarrak ezin du Cerdanen etxea miatu, esaterako. Espainiako Auzitegi Gorenak jakinarazitako informazioek erabat nahastu dute ustelkeriarekin Cerdan, haren kolaboratzaile ohi Koldo Garciak egindako askotariko grabazioengatik, iturri judizialek azaldu dutenez.

Cerdanen eskaera Abalosi

Haren aurretik, Koldo auzian ustelkeriaren akusazioari aurre egin behar izan dio Jose Luis Abalos Garraio ministro ohi eta Pedro Sanchez Espainiako presidentearen kolaboratzaile estu-estuak urte askoan. Hain zuzen, Sanchezek Cerdan bidali zuen Abalosengana, haren diputatu akta eskatzea. Alferrik izan zen, ordea: Abalosek akta horri eustea erabaki zuen, PSOEren aginduen aurka. PSOEko bigarrena zenak diputatu izatearen pribilegioari eutsi dio gaur arte, defentsarako abantaila ematen diolakoan, eta entzungor egin die Cerdanek berak egindako «exijentzia etikoa» betetzeko eskaerei.

Abalosen diputatu akta eskatzera joan zenak ez du diputatu akta utzi, oraingoz. Baliteke Cerdanek asteburu honetan betetzea esandakoa, modu telematikoan, baina ikusteko dago halakorik egingo duen

Bada, Abalosen diputatu akta eskatzera joan zenak ere ez du diputatu akta utzi, oraingoz. Osteguneko dimisio gutunean jakinarazitakoari jarraikiz, baliteke Cerdanek asteburu honetan betetzea esandakoa, modu telematikoan, baina ikusteko dago halakorik egingo duen. Politikari nafarrak Koldo auzian eragile izateko urratsa egin du, modu horretan epailearen mugimenduen berri izateko. Gonzalo Martinez Fresneda da haren abokatua. Martinez Fresneda izan zen Jose Blanco PSOEko Sustapen ministro ohiaren abokatua Campeon auzian, eta baita Gaspar Zarriaz Andaluziako presidenteordearena ere, ERE auzian. Halaber, Pedro Sanchezen kabineteko zuzendari ohi Pilar Sanchez Aceraren abokatua da, Espainiako Fiskal Nagusiaren aurkako auzian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.