Santos Cerdan PSOEko antolakuntza idazkari ohiak berretsi du errugabea dela, Servinabarren eta beste inolako enpresaren jabetzarik ez duela, eta hori frogatuko dutela. Espainiako Senatuan egin ditu adierazpenok, alderdi sozialistarekin lotutako ustezko ustelkeria sarearen harira sortutako ikerketa batzordean. «Ez duzue egia nahi», adierazi die Cerdanek han bildutakoei. EH Bildurekin eta Juntsekin egindako negoziazioen ostean haren aurka hasitako operazio bat dago auziaren jatorrian, Cerdanek esan duenez. Ukatu egin du, halaber, PSOEn finantzaketa irregularrik izan denik: «Ni antolakuntza idazkari izan naizen zazpi urteetan behinik behin». Eta sozialistei ere bidali die mezu bat, bakarrik utzi dutela aitortu ostean: «Ireki itzazue begiak».
Esan du kontakizun bat sortu dutela Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak egindako txosten batean oinarrituta, eta defentsarako bere tesia berretsi du: txostenean aipatzen diren entzuketak manipulatuta daudela. Behin-behinean aske dago Cerdan, ia bost hilabetez preso egon ostean.
Estu hartu dute UPNko, Voxeko eta PPko senatariek; «ustelkeria instituzionala» egitea leporatu diote, eta egiazkotzat jo dituzte UCOren txostenak. Cerdanek ez die auzi haiei buruzko galderei erantzuten, haren aurkako auzibidea irekita dagoelako eta abokatuak hala aholkatu diolako. Baina esan du «testuinguru politikoaz» hitz egin dezakeela. Jatorrian, UCOk Cerdani egindako entzuketa batzuk daude; horietan oinarrituta, Cerdani egotzi diote Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministro ohiarekin eta Koldo Garcia Abalosen laguntzailearekin hainbat ustelkeria kasuren buru izatea, obra publikoetako hainbat adjudikazio legez kanpo egitea eta haien kontura komisioak kobratzea.
«Entzuketa ilun batzuetan oinarritzen da akusazioa, eta perituek eurek esan dute ezin dela baieztatu audio horiek benetakoak direnik»
SANTOS CERDAN PSOEko antolakuntza idazkari ohia
Baina auzibideari buruzko xehetasunak ere eman ditu PSOEko Antolakuntza idazkari ohiak. Azaldu duenez, aurtengo otsailean epaileak egindako instrukzio autoan, jartzen du Cerdanek berak dituen gailu guztietan egin direla entzuketak. «Hasteko eta behin, entzuketa ilun batzuetan oinarritzen da akusazioa, eta perituek eurek esan dute ezin dela baieztatu audio horiek benetakoak direnik». Ukatu egin du Servinabarren jabe izan dela, eta gaineratu du ez dagoela frogarik hori egiaztatzeko. «Cerdanen kontrako zirku mediatiko bat sortzea errazagoa da egia bilatzea baino».
Epaileak agiri bat jaso zuen bere txostenean, eta hartan zioen Servinabarren jabetzaren parte bat zuela Cerdanek. Sinadura berea ote den galdetu dio Maria Caballero UPNko senatariak. Cerdanek galdetu dio ea jatorrizko dokumentua den, eta Caballerok erantzun du ezetz, baina epaileak egiatzat joa duela. Cerdanek berretsi du, nahiz eta behin eta berriz errepikatu, ez dela ezein enpresaren jabe. Caballerok segitu du galderak egiten, eta Belateko tunelarekin lotura egiten ere saiatu da. «Zenbatek zekiten Servinabarrekin harremana zenuela? Madrilgo etxea nola pagatzen zen? Altzariak? Eivissarako oporrak? Oraindik ere esaten duzu ez zenuela loturarik Servinabarrekin?». Cerdanek berretsi du ez zuela loturarik, eta salatu etengabeko manipulazioa dela. «Ez duzu aurkituko entzuketa bat bera ere zeinean Nafarroan kontratu bat egiten den, bakarrik bilera bat edo beste, beste askok eduki dezaketen bezala», erantzun dio.
Cerdan Leire Diaz alderdi sozialistako militante ohiarekin ere lotzen saiatu da Caballero. Eta hori ere baliatu du Cerdanek, bere tesia indartzeko eta esateko bere kontrako auzia «manipulazioz eta gezurretako albistez» josia dagoela. Izan ere, Cerdanek zera erantzun dio Caballerori: argazki bat argitaratu berri dela, horretan Cerdan eta Diaz elkarrekin ageri direla jatetxe batean, eta argazki oinean bertan adierazi zela argazki hori adimen artifizialarekin egindakoa zela. Eta, halere, argazki hori beste hedabide batzuetan zabaldu zen, Cerdanek kontatu duenez.
PSOEri: «Ireki itzazue begiak»
Alderdiaren babesa galdu duela ere esan du, «bakarrik» utzi dutela. «Hobe bakarrik konpainia txarrean baino», gehitu du. Argi geratu da hori Alfonso Gil alderdi sozialistako senatariak hitza hartu duenean. Esan du alderdiko militante eta boto emaileen artean etsipena sortu duela auziak, eta «erantzukizun etiko» bat egotzi dio PSOEri. «Militante eta boto emaile batek ulertzen ez duen auzi bat dago, eta azalpen bat zor diezu». Errugabetasun presuntzioa eta defendatzeko eskubidea aitortu dizkio Gilek Cerdani. Hark eskertu egin dio errugabetasun presuntzioa aintzat hartu izana, «beste alderdikide batzuek ez baitute halakorik egin». Eta, alderdiari mintzatuz, honako hau erantsi du: «Ireki itzazue begiak».
Eduard Pujol Juntseko senatariak bere galdetegiaren ardatzean jarri ditu PSOEk eta Juntsek Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren inbestidura lortzeko izandako negoziazioak. Eta, hitzak neurtzeko ahalegina eginez, Cerdanek berak ardatz horri heldu dio, esan baitu Carles Puigdemontekin Bruselan argazki bat egin eta Amnistia Legea adostu ostean «dena» aldatu zela: «Bizkartzainak erabiltzen hasi beharra izan nuen berriz Madrilen, 11 urtez Nafarroan bizkartzainekin ibili ostean». Hortaz, galdera zuzena egin dio Pujolek: «sakoneko estatuaren» esku hartzerik izan al da? Cerdanek Senatuari dei egin dio ikerketa batzorde bat ireki dezan, aztertzeko bera auzipetzen duten entzuketak nork eginak diren, eta nola: «Eta agian iritsiko zarete esaten ari zaren horretara».
Pujolek zerrendatu egin ditu Cerdanek bitartekari gisa egindako lanak, bai EAJrekin, bai EH Bildurekin eta baita Juntsekin ere. «Zu beti izango zara Kataluniaren eta Espainiaren artean gatazka bat badagoela eta politikaren bidez konpondu behar dela pentsatzen dutenen artekoa. Galdera: Juntsekin hitz egitea lagun txarrez inguratua egotea da?». Eta Cerdanek ihardetsi: «Sakoneko estatu horri galdetu beharko diozu, baina uste dut edozein alderdi independentista ez dela haien gustukoa». Pujolek bide beretik jo du: «Berriz egingo al zenuke orain artekoa?». Cerdanek: «Nik uste dut ez nukeela egingo, baina politikoki uste dut egin behar nuena egin nuela. Baina kostu pertsonala oso handia da, niretzat eta ingurukoentzat».