Guardia Zibilaren UCO Unitate Zentral Operatiboak ekainean eragindako lurrikara politikoak segida izan zuen atzo arratsaldean. Eta, haren ondotik, Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Leopoldo Puentek aske utzi du Santos Cerdan gaur arratsaldean. Ekainean behin-behinean espetxeratzeko agindu zion eta aurrerantzean kontrolpean izango du: ezingo da Espainiako Estatutik irten, eta bi astero joan beharko du epaitegira. Cerdan espetxeratzeko, epaileak argudiatu zuen aske utziz gero arrisku handia zegoela frogak deuseztatzeko, eta, orain, Puentek adierazi du arrisku hori nabarmen txikiagoa dela. Dena den, nabarmendu du bere kontrako zantzuak «indartu» egin direla ekainaz geroztik. Ustez iruzur egindako hiru adjudikazioetan, Servinabar eta Acciona eraikuntza enpresen alde bitartekaritza lanak egitea leporatzen diote Cerdani.
Ikusi gehiago
Cerdanek errugabea dela berretsi du Soto del Realeko (Espainia) espetxetik atera berritan. Salatu du txostenen interpretazioa «gezurrez» eta «manipulazioz» beteta dagoela, eta itxaropentsu agertu da ikerketak eman ditzakeen hurrengo pausoekin: «Egiak horri guztiari gaina hartuko diola sinetsita nago eta espero dut egia horrekin azkenean justizia egitea». Halaber azalpen gehiago iragarri ditu «hurrengo egunetan».
PSOEko Antolakuntza Idazkari ohia da auziko ikertu nagusia, Koldo Garcia eta Jose Luis Abalos Sustapen ministro ohiarekin batera; fiskaltzak, hurrenez hurren, hemeretzi eta 24 urteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat. Puente epaileak iragan astean erabaki zuen auziaren parte bat bereiztea eta agindu zuen miaketak egiteko Accionaren Bilboko eta Donostiako egoitzetan. Atzo, berriz, ikertuen multzoan sartu zituen eraikuntza enpresa horretako hiru kargudun: Justo Pelegrini eraikuntza zuzendari ohia —enpresa utzi zuen ekainean— eta haren menpeko bi kargudun: Tomas Olarte eta Manuel Jose Garcia.
Accionak adierazi du Olarteren eta Garciaren jarduna «behin-behinean etenda» dagoela. Halaber, erantsi du susmopean dauden herri lanen kontratuek lege irizpideak betetzen dituztela.
Ekainean kaleratutako lehen txostenaren ildoari jarraitu dio Guardia Zibileko UCOk orain plazaratutako dokumentuan. Orotara 227 orrialde ditu. Guardia Zibilak Santos Cerdan PSOEko Antolamendu idazkari ohiari leporatzen dio bitartekari gisa aritu izana Accionaren eta Servinabarren artean. Aintzat hartu behar da Servinabar 2015ean sortu zela, eta enpresa txikia zela, baina hainbat herri lan handitan parte hartu duela Accionarekin batera. Hala, UCOren arabera, manipulatutako adjudikazio bakoitzeko %2ko komisioa kobratzen zuen Servinabarrek; are, uste d ute diru sarreren hiru laurdenak Accionak ematen zizkiola —6,7 milioi euro, ikertzaileen arabera—.
Ekainean, Antxon Alonsoren etxea miatu zuen Guardia Zibilak, eta, ordu hartan atzemandako paper batean, ageri zen Cerdanek Servinabarren akzioen %45 eskuratu zituela. Cerdanen abokatuek adierazi dute agiri hori pribatua dela eta ez duela legezko baliorik. Bestalde, UCOk uste du Servinabarrek mesede horiek beste hiru modutan ordaintzen zizkiola Cerdani: enpresaren kreditu txartela utzita, senideak kontratatuta eta Madrilen etxebizitza bat alokatuta.
Ikusi gehiago
Gutxienez hiru herri lan daude susmopean: A-68 autobidearen Logroño (Espainia) hegoaldeko saihesbidea —92 milioi eurokoa zen adjudikazioa—, Sevillako (Espainia) autobide bateko zubi baten konponketak —71,4 milioi eurokoa— eta Sant Feliu de Llobregateko (Katalunia) tren azpiegitura bat —52 milioi eurokoa—. Gainera, Guardia Zibilaren arabera, Cerdanek eta Abalosek bitartekaritza lanak egin zituzten Accionaren alde, Marokon eta Gabonen kontratuak lortzeko.
Azkenik, UCOk proposatu du Auzitegi Gorenak Belateko tunelen adjudikazioa auzian sartzea. Horretarako, hizpidera ekarri ditu orain arte Nafarroako Parlamentuko ikerketa batzordean aipatu diren susmoak, hala nola Jesus Polo kontratazio mahaiko buru izendatzea nahiz eta erretiratzeko adina izan, enpresen eskaintzen konfidentzialtasuna gordetzeko orduan «ustezko gabeziak» izatea, eta kontratazio mahai barruan desadostasunak sortu izana.
Txibiteren erreakzioa
Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakaria Txinan da egunotan, bidaia ofizialean, eta handik nabarmendu du UCOren txostenak ez duela zipriztindu Nafarroako Gobernua. Txibiteren arabera, txostenean Belateko tunelei buruz aipatzen dena ez da berria: «Orain arte ez genekien detailerik ez da ageri. Edozein kasutan, gobernuak berak agindu zuen kanpo eta barne ikuskaritzak egiteko, gardentasun ariketa gisa».
Txibitek adierazi du gobernua ikerketa batzordean parte hartzen ari dela, eta auzi judizialean laguntzeko erabat prest egon dela hasieratik. «Erabat ziur nago kontseilari bakar batek ere ez duela ustelkeria ekintzarik egin, eta, noski, lehendakariak berak ere ez». Aipatu du ez zekiela «ezer» Cerdanen jokabideari buruz, eta «erabat» gaitzetsi du. Auziak Alderdi Sozialistarekin loturarik izatea ukatu du: «Norbanakoen ekintzek ez dute erlaziorik alderdiarekin. Gero eta argiago dago hau ekinbide pertsonal bat zela, lotura familiarrak eta pertsonalak zeudela tartean, eta ez duela zerikusirik proiektuarekin».
Hain zuzen ere, ikerketa batzordeak beste saio bat izan du gaur goizean, eta hasi aurretik «kezkatuta» azaldu dira EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeko ordezkariak.
UPN: «Ustelkeriak Txibite kiskali du»
UCOren txostenak munizio politikoa eman dio Nafarroako eskuineko oposizioari Maria Txibiteren aurka. «Nafarroaren egoerari buruzko eztabaidan esan zuen ez dutela eroraraziko. Ez da horrela. Cerdanek eta Belatek aurrean eramango dute Txibite», adierazi du Cristina Ibarrola UPNko presidenteak, eta nabarmendu hain zuzen UPNri esker hasi zirela Belateko adjudikazioa ikertzen.
Ibarrolak salatu du Maria Txibite «Cerdani esker» dela lehendakari, eta, horregatik, zaila zaio sinestea ez duela zerikusirik auzian. Mezu bat helarazi dio: «Galdetuko nioke ea Cerdan eta bere familia ez ote diren aberastu gobernuak egin dituen adjudikazio horiei esker». Iradoki du balitekeela datozen asteetan agerian gelditzea alderdi sozialistako beste kideren bat auzian inplikatuta dagoela, «audioren batean edo». Izen-abizenez galdetu diote Ibarrolari, eta atzera egin du. «Ez dut ezer iradoki».
PPko Javier Garciak Txibiteri exijitu dio hauteskundeetara deitzea: «Ikuskaritzak egiteak ez du balio jada».
EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin
EH Bilduko parlamentari Adolfo Araizek esan du UCOk Cerdan auziaren inguruan plazaratutako azken txostena «kezkagarria» dela, baina azpimarratu du ez dagoela «inolako zantzurik» esateko Nafarroako Gobernuak «horrelako praktiketan» parte hartu duela. Martxan dagoen ikerketa «bururaino» eramateko eskatu du. Prentsari egindako adierazpenetan, Araizek esan du «ustelkeriarekin lotutako informazio guztia» dela kezkagarria EH Bildurentzat, «are gehiago Nafarroako erakundeen barruan gertatzen bada, hala gertatu izan balitz».
Halere, auzia ikertzeari dagokionez, Araizek onartu du parlamentuko ikerketa batzordeak «muga asko» dituela. Bestalde, UCOren txostenaren inguruan, zehaztu du «Belateren aipamen bakarra UPNk egindako salaketa bati» dagokiola, eta ez dakitela epaileak zer erabaki duen salaketa horri buruz. «Jakin nahiko genuke epaileak ikerketa bat abiaraziko duen edo ez salaketa horren harira».
Batera edo bestera, EH Bilduko parlamentariak oso argi esan du koalizio subiranistak «erabat arbuiatzen» duela «ustelkeriarekin lotutako edozein jarrera». «Aurrerantzean ere eskatuko dugu bururaino ikertu dezatela esparru guztietan, bai arlo politikoan eta arlo judizialean».
Geroa Baiko parlamentari Pablo Azkona ere «kezkaturik» azaldu da Guardia Zibilaren azken txostenak jaso duen informazioaren harira, baina eskatu du «ez ateratzeko ondoriorik behar baino lehen». Ikerketa poliziala zabalik dagoela esan du, eta haren emaitzen zain egon behar dela.
Geroa Bairekin eta PSNrekin batera Nafarroako Gobernua osatzen duen beste alderdiak, Zurekin-ek alegia, «erabateko gardentasuna» eskatu du, ezkerreko koalizioko eledun Carlos Guzmanen bidez. «Zorroztasuna» galdegin du Nafarroako Parlamentuko Ikerketa Batzordeari dagokionez, baina baita Poliziak eta epaitegiek martxan dituzten ikerketei dagokienez ere.