Milaka lagunek igaro zuten Marokoren eta Espainiaren arteko muga uztailaren 30ean, eta, ordutik Ceutan babes eske ari den migratzaile kopuru handiaren harira, gaur Eusko Jaurlaritzak esan du haur eta gazte horiek berriz familiarekin batzea dela helburua, ororen buruan. «Konponbidea ez da adingabeak lurralde batetik bestera eramatea». Haur, Nerabe eta Familia Zuzendaritzako zuzendari Txema Ezkerrak hartu du gaia hizpide. Espainiako Gobernuko eta gainerako autonomia erkidegoetako buruekin gaiaz solastatzeko bilera teknikoa izan du gaur, eta topaketa horren ostean egin du adierazpena. «Estatuaren betebeharra ez da adingabeak banatzea, adingabeak babestea baizik», argudiatu du.
Bizkaiko diputatu nagusi Elixabete Etxanobek ere adierazi du adingabeak familiarekin berriz batzeko aukera guztiak jorratu behar direla, haiek «banatzeaz» aritu aurretik. Izan ere, agerian utzi du Bizkaian propio zer-nolako zailtasunak dituzten adingabe gehiagori harrera egiteko; esan du herrialdean 584 adingabe migratzaile hartuta dauzkatela, eta, berez, 345 hartzeko tokia besterik ez dutela. Gaur Radio Euskadi irratian emandako elkarrizketa batean izan du gaia hizpide foru agintariak. Ezkerrak gehitu du gaurko bilera teknikoan argudio hori bera eman dutela: Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeetan tokirik ez dago adingabe migratzaileei harrera egiteko baliabideetan.
Etxanobek argi jarri du muga: adingabeak familiarekin batzeko ahalegin «guztiak» egiten ez diren bitartean, foru erakundean ez dira hasiko adingabeak «banatzeari» buruz hizketan. Are, kritiko hitz egin du Espainiako Gobernua Ceutako egoera bideratzeko egiten ari den ahaleginen inguruan; Madrilgo gobernuari leporatu dio migratzaileen etorrerak eragindako «krisi etengabeak normalizatzea». Bide batez, gogora ekarri du PPk eta Voxek usu esaten dutela ez dutela adingaberik hartuko agintea duten autonomia erkidegoetan.
Ahaldun nagusiak esan duenez, orain Espainiako Gobernuaren helburu behinenak izan behar du Ceutan «zaurgarri eta arriskuan» dauden haur eta nerabe horiek lehenbailehen senideengana itzularaztea. Hori ondo egiten dela egiaztatu nahi dute Bizkaiko Diputazioan.
«Akotan erakutsi dugu elkartasuna, baita legeek eta nazioarteko itunek ezartzen dutena konplitzen dugula ere», adierazi du Etxenobek, baina gaineratu gaiak «asperraldi instituzionala eta soziala» eragin dituela, eta aldaketak egin behar direla. Halaber, esan du Espainiako Gobernuak «baliabide koertzitiboak» ezarri behar dituela jarrera aldarazteko adingabeak hartzeko obligazioak betetzen ez dituzten erkidegoei. «Denok gure obligazioak beteko bagenitu, Bizkaia eta beste hainbat herrialde ez lirateke egongo egungo tentsiopean».