Goiatz Oiartzabal (Pasai Antxo, Gipuzkoa, 1983) eta Leire Lison (Tafalla, Nafarroa, 2001) Badalabeko ikerlariak teknologia eta hizkuntza burujabetzaz solastatu dira UEUren udako ikastaro batean. Plataforma pribatiboen hertsapena, algoritmoen eragina eta software librearen aukerak izan dituzte hizpide, eta ohartarazi dute euskararen etorkizun digitala ezin dela merkatuaren esku utzi.
Zer da teknologia burujabetza? Nola eragiten du horrek euskararen biziberritzean?
GOIATZ OIARTZABAL: Jendea aspalditik ari da pentsatzen teknologia burujabetzaren inguruan. Gorka Julioren hitzetan, komunitateek beren softwarea, azpiegiturak eta politika teknologikoak erabakitzeko duten eskubidea da; eskubidea, gaitasun gisa ulerturik. Alegia, teknologia burujabetza lotuta dago gaitasun kolektiboa indartzearekin. Gainera, gaurko munduko testuinguruak are beharrezkoago egiten du teknologia propioak kritikoki pentsatzea: bertatik bertara eta kontzienteki.
Algoritmoen aroa da. Zer ondorio ditu hizkuntza gutxituentzat?
LEIRE LISON: Algoritmoak ez dira izate abstraktuak, neutroak: erabaki kateak dira, enpresa pribatuen interesen arabera diseinatzen direnak. Hala, interes pribatuei erantzungo dien ingurune digital bat sortzen dute. Errentagarritasuna dute helburu, eta, ondorioz, hizkuntza politikan, interes propioak izango dituzte, ez komunitatearenak. Horrek hizkuntza gutxituen bazterketa dakar: hizkuntza batek ez badie errentagarritasunik ematen, ez dute sustatuko. Etekin pribatuak eta diruak hartzen ditu hizkuntzari lotutako erabakiak.
Software librearen alde egiten duzue. Baina euskara sare sozial pribatuetan ere badago.
LISON: Ez da txarra euskara plataforma pribatiboetan egotea. Baliagarriak ziren herri mugimenduetarako, komunitateak batzeko eta ikusarazteko. Baina sare horiek eduki duten eboluzioari erreparatuz gero, beste zerbait esan eta egin beharko genuke gaur. Izan ere, gaur, algoritmoek erabakitzen dute zer ikusiko dugun; hor dago arazoa. Horregatik, alternatibak sortu behar dira: komunitatearen esku dauden plataformak, non komunitateek erabakiko duten hizkuntza alorrean, baita beste guztietan ere.
OIARTZABAL: Nahia ez da soilik euskaraz kontsumitzea. Zer kontsumo eredu sustatzen dugu? Edukia euskaraz egon arren, bost ordu Tiktoken pasatu nahi ditugu? Zer gizarte eraiki nahi dugun galdetu behar dugu. Izan ere, gaurko teknologiek gizarte kontsumista eta otzana nahi dute. Teknopolitikaz ari gara. Gainera, Tiktoki, Instagrami edo ChatGPTri euskaraz hitz egitea haien eredua elikatzea da. Ez nago ados uste duenarekin ChatGPTk ez dakiela euskaraz: akats batzuk egiten ditu, baina neuk ere bai.
«Nahia ez da soilik euskaraz kontsumitzea. Edukia euskaraz egon arren, bost ordu Tiktoken pasatu nahi ditugu?»
GOIATZ OIARTZABAL
Beraz, sare sozial pribatuetan euskararen erabilera areagotu al daiteke? Errentagarria al zaie euskara enpresei?
LISON: Errentagarria den? Gaur, agian, funtzionatzen du, baina enpresa pribatu batek edonoiz alda ditzake arauak. Jabeak euskara bazter dezake, eta ordainpekoa bilakatu, ez badio etekin ekonomikorik ematen. Bereziki arriskutsua da geure kasuan, euskal hiztun komunitatea txikia izanik, ez baitu horrenbesteko merkatu balioa ematen. Adibidez, sareetan euskal edukia agertzeko ordainpeko harpidetza bat ezar dezakete jabeek.
Hala ere, egia da zenbait sarek ez dutela euskara behar bezala identifikatzen; esaterako, Twichek. Software librean, ordea, hizkuntza guztiek balio bera dute: komunitate batek euskara hor egotea nahi badu, egongo da.
«Enpresek edonoiz alda ditzakete arauak. Euskara bazter dezakete, eta ordainpekoa bilakatu»
LEIRE LISON
Zer da software librea, eta zergatik da burujabetzarako egokia?
LISON: Software librearekin, kodea kopiatu, aztertu, moldatu eta berriz banatu daiteke; hots, aplikazio bat euskarara itzul daiteke, komunitatearen beharretara egokitu, eta hobetutako bertsioak partekatu. Kodea itzuli ahal izatea bereziki garrantzitsua da euskararentzat.
OIARTZABAL: Bestelako zerbait sustatu nahi dugu. Eredu libreek berekin dakarte modu komunitarioan eta guretik eraikitzeko aukera, gure mundu ikuskera praktikatzekoa: nire ezagutza edo denbora honaino iristen da; gero, Leire dator hobetzera eta osatzera.
Hala ere, burujabetza ez da behin lortzen; ez dago helmuga horretara heltzerik. Agian egokiago da burujabetzagintzaz hitz egitea: etengabe praktikatu beharreko eskubide gisa. Definizio hori bereziki garrantzitsua da garaiotan, kanpo indarrak gero eta indartsuagoak diren honetan. Horregatik, gure algoritmo eta teknologiez pentsatzean, indar nagusia gaitasun kolektiboaren aldarrikapenean eta praktikan dago. Guk guretik eta gertukoarekin egin behar dugu.
«Ez gara inoiz multinazionalen pare egongo. Euskararen etorkizuna ez dugu bermatuko haiek imitatuz, baizik eta, gure komunitatetik abiatuta, bestelako ereduak eratuz.»
GOIATZ OIARTZABAL
Software librearen inguruan dauden estereotipoak aipatu dituzue.
LISON: Askotan pentsatzen da profil oso teknikoa duten gizonentzat dela; aldiz, Wikiemakumeok taldeak deseraikitzen du hori, generoari, adinari eta teknologiari dagokienez. Gehienek erretiroa hartua dute, eta ez dira soilik Wikipedia osatzen ari: gaitasun digitalak garatzen dituzte, eta eguneroko praktika teknologikoak politizatzen dituzte. Kontzientzia hartzen dute hodeia zer den, eta hodeian gordetzen duzun edukia badagoela beste norbaiten zerbitzarian eta zerbitzura. Eta teknologikotzat edo teknikotzat jo ohi dena deseraikitzen dute. Hots, software librea ez da aditu batzuentzat bakarrik, ezta gizon kualifikatu edo frikientzat ere.
Algoritmo propioak garatu behar dira?
OIARTZABAL: Ikertu dute algoritmoak nola sortu datu gutxiagorekin; premiazkoa da euskararentzat. Baina ez da hizkuntzaren kontua bakarrik: baita ekologiari eta kulturari lotutakoa ere.
Nola atera sare pribatuetatik?
OIARTZABAL: Ez da erraza, are gutxiago modu koordinatuan. Militantzia da bideetako bat: herritarra sare pribatiboetatik aldentzen du, eta burujabetzagintzari ekarpena egiten dio. Eta euskalgintza eta herri mugimenduak batera software libreko plataformetara mugituko balira, jauzi handia izango litzateke. Bestalde, buru osasunaren auzia dago: zoratu egingo gara. Benetan nahi dugu jendeak orduak eta orduak plataforma komertzialetan pasatzea?
Gainera, ez gara inoiz multinazionalen pare egongo. Euskararen etorkizuna ez dugu bermatuko haiek imitatuz, baizik eta, gure komunitatetik abiatuta, bestelako ereduak eratuz.