Christophe Betbeder izendatu dute EEPko zuzendari

Erakundeko teknikari izan zen «sortzean», eta Euskal Irratietan koordinatzaile aritua da.

Betbeder, artxiboko argazki batean. BOB EDME
Betbeder, artxiboko argazki batean. BOB EDME
arantxa iraola
2025eko irailaren 10a
19:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EEP Euskararen Erakunde Publikoak ohar baten bidez egin du jakinarazpena: Christophe Betbeder izendatu dute erakundeko zuzendari. Ezaguna du etxea: erakundeko teknikari izan zen «sortzean». Euskalgintzaren beste hainbat adar ere gertutik ezagutzen ditu, Euskal Irratietan koordinatzaile aritua delako, besteak beste. 

EEPk nabarmendu du «hedabideen kudeaketan duen esperientzia adierazgarria» biziki garrantzitsua izango dela hemendik aurrera izango duen jardunbidean. 

Bernadette Souleren tokia beteko du Betbederrek. Hamabost urtez aritu da karguan, eta «zinezko esker ona» erakutsi nahi izan dio EEPk, «hutsik gabeko engaiamendua» izan duela argudiatuta. Erakundean jarraituko du Soulek, transmisio taldean. 

EEPko lehendakari Maider Beotegiren iritziz, «dinamika berri bat» bultzatuko du zuzendari berriak, eta EEPk urteotan izandako lorpenak «sendotzen» lagunduko du. Beste hainbat eragilerekin batera, oroitarazi du garaia dela euskararen biziberritzean «jauzi kualitatibo bat» emateko behar diren urrats berriak aztertzeko, eta berebiziko garrantzia duela «talde engaiatu bat» izateak.

Denaren premia izango da. EEPren aurrekontua izoztua izan da azken urtebetean, partaideen arteko adostasun faltagatik. Euskalgintza aurrekontua bikoizteko eskatzen ari da aspaldian. Ekainean jakin zen EEPri urtean 100.000 euro gehiago emanen dizkiola Frantziako Estatuak. Euskalgintzak eskatutakotik urrun dago hori, eta zalantzak sortu dira erakundeak hemendik aurrera izango duen jardunaren inguruan. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.