Errenteriako (Gipuzkoa) hainbat bizilagunek ez dute espetxean sartu beharko 2019an Ciudadanos-en mitin batean protesta egiteagatik, akordioa egin baitute. Hamahiru urte arteko zigorrak eskatuak zituzten haientzat, baina, akordioa eginda, sei hilabeteko zigorra edo 28.000 euroko isunak ezarri dizkiete; horrenbestez, ez dute espetxera joan beharko. Auzibideak sei urte iraun du.
2019ko apirilaren 14an, Ciudadanos alderdiak mitina eman zuen Errenterian, Gipuzkoan, Espainiako Gorteetarako hauteskundeen harira. Jada desagertua da alderdi hori, eta orduko hartan ere ez zuen ordezkaritzarik Errenterian. Hainbat herritarrek protesta egin zuten, ildo harekin desadostasuna agertzeko. Oihuak, lapiko jotzeak eta beste izan ziren. Gainera, xingola hori erraldoi batzuk ere zintzilikatu zituzten, Kataluniako prozesu independentistari babesa agertzeko.
Ciudadanosek «indarkeriatzat» jo zuen protesta, eta «atentatu publikoa, mehatxuak eta ordena publikoa urratzea» egotzita inputatu zituzten zenbait herritar. Hamahiru urte arteko espetxe zigorrak ere eskatu zituzten, baina, sei urteko auzibidearen ostean, akordioa egin dute fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin.
Kaltetuek, akordioaren berri ematearekin batera, adierazi dute ez dela justiziarik egin: «Ez da zilegi faxismoari aurre egiteagatik halako karguak egoztea ezta azkenik espetxearen eta isunaren artean aukeratu behar izatea. Eta dena gure eskubideak eta jendartea arriskuan jartzen dituzten faxista horiei aurre egiteagatik».
Ohartarazi dute faxismoa oldarraldian dela: «Euskal Herriaren kontra, euskararen kontra, emakumeon eskubideon kontra, langileon kontra, LGTBIQ+ kolektiboaren kontra, pertsona arrazializatuen kontra... Neofrankistek ez dute etsiko, eta erasoek eta probokazioek jarraituko dute, baina guk argi aldarrikatzen dugu desobedienteak izateko eskubidea, eta eskuin muturrari aurre egiteko zilegitasun eta eskubide osoa. Egin genuen, eta ez gara damutzen».
Jakinarazi dute aurrerantzean ere erantzun egingo dutela eta hainbat dinamika prestatzen ari direla udarako. Esan dute aurrerago emango dutela horien berri, eta eskerrak eman dizkiete babesa adierazi dieten guztiei.