Orthezen jaio zen (Frantzia), baina haren familia Baionara (Lapurdi) lekualdatu zen berak 2 urte zituela, eta bertan sustraitu zen. Ordutik, Claude Labatek lur horietatik bertatik erreparatu izan die bai euskal kulturari, baita mundu osoko beste kulturei ere. Hain zuzen, etxe-etxetik zetorkion kulturarekiko lotura: euskara eta gaskoia jaso baitzituen haurra zela; euskara aitaren partetik, gaskoia amatxiren partetik. Eta inguratzen zuten kulturen gaineko jakin-mina bazuen, baina batez ere gai jakin batek gose berezia piztu ohi zion: euskal mitologiak. Bart gauean zendu da, 79 urte zituela.
Historialaria, ikertzailea eta idazlea izan zen, baita fisika eta kimikako irakaslea ere. Aldi berean, Lauburu elkartearen parte ere bazen, zeina, besteak beste, Ipar Euskal Herriko hilobi ondarea babesteaz arduratzen den. Izan ere, Labaten xedeetako bat euskal ondarea zaintzea eta sustatzea izan zen. Horretan tematu zen bizi osoan, eta lortu zuen dema horretan aurrerapausoak ematea. Ikerturikoan oinarrituta, hainbat liburu idatzi zituen, hala sorginen epaiketei buruzkoak, nola euskal mitologiaren nondik norakoei buruzkoak. Argi zuen jakintza munduari zabaldu nahi ziola, ez zedin soilik aditu gutxi batzuen eskuetan egon. Bide horretan, euskal mitologia gehiago ikertu beharra zegoela uste zuen oraindik ere; zeren, haren ustetan, euskal mitologia Euskal Herria hobeto ulertzeko tresna bat baitzen.
Hala adierazi du Philippe Mayte Baionako Largente lizeoko irakasleak lagunaren heriotzaren berri izan duenean: «Claudek zera eman zion euskal kulturari: publiko guztientzako hezkuntza tresnak irudikatzeko eta transmititzeko gaitasuna. Harentzat, ezagutza ez zegoen jakintsuentzat edo akademikoentzat eginda». Eta zera gehitu du: «Asko zor dio Euskal Herriak».