Corellako (Nafarroa) 11 familiak zera eskatu diote Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari: beren seme-alabek herrian bertan euskaraz ikastea nahi dutela, eta, horrenbestez, D eredua ere ezartzeko herriko Ciudad de Corella ikastetxe publikoan. Alta, Hezkuntza Departamentuak eskaera ukatu die, eta aurten ere ez dute D eredua aukeran izango.
Familiek eskola mapa aldatzea galdegin zioten administrazioari, eskolan D eredua ere eskain dezaten. Nabarmendu dute horrela soilik berma dakiekeela beren seme-alabei euskara ikasteko aukera eta hizkuntza aukeratzeko eskubidea izatea, «Nafarroako beste edozein ikaslek bezala».
Alabaina, Hezkuntza Departamentuak ukatu egin die eskaera. Azaldu dutenez, badute protokolo bat ikastetxeak, lerroak eta hezkuntza unitateak sortzeko, eraldatzeko, fusionatzeko, kentzeko eta integratzeko, eta gogorarazi dute Hezkuntza Departamentuak duela erabakimena. Ordea, ez dute ezezkoaren arrazoirik eman: irailaren 30a baino lehen datorren ikasturterako eskaera egiteko esan diete.