Txibiteren gobernua

COVID-19ak eta elkarrizketak markaturiko urtea

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidenteak karguan daraman urtearen balorazioa egin du. Koronabirusak ekarri duen krisiak gobernuak aurretik zeuzkan «lehentasunak berretsi» ditu, haren ustez.

Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, gaur, Iruñean. NAFARROAKO GOBERNUA
maddi ane txoperena iribarren
2020ko abuztuaren 7a
12:26
Entzun

COVID-19a, gobernu akordioa eta alderdi ezberdinen arteko elkarrizketa. Horiek izan dira, Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentearen ustez, duela urtebete kargua hartu zuenetik legealdiko lehen urtea markatu duten ezaugarriak. «Lan handiko urte bat izan da, zeinetan agertoki aldaketa bat bizi izan dugun» adierazi du gaur goizean lehen urtearen balorazioa egiteko gaztelera hutsean emandako prentsaurrekoan.

Gogoratu duenez, «gutxiengo parlamentarioan sortu» zen gobernua, «baina gehiengo sozialean» aritzeko helburuarekin, eta, horretarako, «elkarrizketa zintzoa» bilatu dute gainerako alderdiekin. Legegintzaldia Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerrarekin egindako akordioarekin hasi zuten, Txibiteren hitzetan, «lehentasunak ongi markatuta». Lehentasun horien artean jarri ditu berrikuntza, digitalizazioa, trantsizio ekologikoa eta kohesio soziala, bertzeak bertze. Koronabirusak ekarri duen «krisi sanitario, sozial eta ekonomikoak» lehentasun horiek «berretsi» ditu, Txibiteren arabera, eta koronabirusaren ondorioz hartutako neurriek ere bide horri segitzen diote. «Nafarroa posizio oso onean dago», presidentearen arabera: industrian, bertzeak bertze.

Presidenteak adierazi du «ez dela inor bidean geldituko»: «Ongizate estatua eta enplegua mantenduko ditugu». Horretarako egin dute, erraterako, Nafarroa Suspertu plana, eta Txibitek funtsezkotzat jo du «zorpetu ahal izatea likidezia nahikoa izateko». «Gobernu hau indartsu dago, eta krisiak indartu egin gaitu». Horren gakoa da «talde lana», Txibiteren ustez: bertze alderdiekin, udalekin eta Espainiako Gobernuarekin egindakoa. Krisiari emandako erantzunak erakutsi du, presidentearen arabera, Nafarroako gizartea «konprometitua eta solidarioa» dela. Azaldu du, halaber, ez duela murrizketarik egiteko asmorik: «Hilabete gogorrak datoz, baina hemendik indartuta aterako gara».

«Deslokalizazio kasu argi bat»

Siemens Gamesaz galdetuta, Txibitek adierazi du «deslokalizazio kasu argi bat» dela: «Enpresa ez da zintzoa eta gardena izan». Nafarroako Gobernua enpresa komitea laguntzen ari dela erran du presidenteak, eta eskualdean enpresaren itxierak ekar ditzakeen ondorioak gutxitzeko bideak aztertzen ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.