COVID unitatea: Osakidetza pozik, pazienteak atsekabetuta

Gaur urtebete zabaldu zuten COVID iraunkorra duten pazienteak artatzeko unitatea Basurtuko ospitalean, eta orain arte 220 gaixo artatu dituzte. Gaixoek, ordea, susmoa dute haiek isilarazteko «adabakia baino ez» zela izan.

Basurtuko ospitaleko COVID iraunkorraren unitatea aurkezteko agerraldia, iazko otsailean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Basurtuko ospitaleko COVID iraunkorraren unitatea aurkezteko agerraldia, iazko otsailean, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
14789412 kepa
2026ko otsailaren 27a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Neke izugarria, arnasteko zailtasuna eta narriadura kognitiboa, laino mentala izenez ezagunagoa. Horiek denak ondo ezagutzen ditu Isabelle Delgadok, 2020an kutsatu zenetik COVID iraunkorra baitauka. Orain dela urtebete, Basurtuko ospitalean unitate berezi bat zabaldu zuten, baina horrek ez dio hobekuntzarik ekarri. Gaixotasuna oztopoa zaio eguneroko bizitzan. Delgado ez da bakarra; beste berrehun lagunekin batera Long COVID Euskal Herria elkartea sortu zuen. Osakidetzak zerbitzu horren balorazio «oso positiboa» egin arren, gaixoek uste dute baliabide «urriak» ari direla bideratzen hartarako.

Gaur urtebete zabaldu zuen Osakidetzak COVID iraunkorreko unitate espezializatua, Basurtuko ospitalean, Bilbon. Hango Neurologia Zerbitzuaren ardurapean aritzen da, eta barne medikuntzako, pneumologiako, errehabilitazioko eta psikiatriako taldeek parte hartzen dute bertan. «Diziplina anitzeko talde horrek modu estuan eta koordinatuan lan egiten du Arabako eta Gipuzkoako erreferentziazko medikuekin», Juan Carlos Garcia-Monco erietxe horretako Neurologia Zerbitzuko buruak azaldu duenez.

Juan Carlos Garcia-Monco, Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuko burua. ARITZ LOIOLA / FOKU
Juan Carlos Garcia-Monco, Basurtuko ospitaleko neurologia zerbitzuko burua. ARITZ LOIOLA / FOKU

COVID iraunkorraren ezaugarria da hasierako infekzioaren ondoren gutxienez hiru hilabetez irauten dutela sintomek, eta hainbat organori eragiten die aldizka edo pixkanaka. «Gaixo asko gara; zenbaki zehatzik ere ezingo genuke esan, ez baitago erregistrorik», deitoratu du Delgadok. Gainera, jende asko diagnostikatu gabe dago oraindik.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, azken hamabi hilabeteetan 220 paziente artatu ditu Basurtuko unitate espezializatuak: Arabako 46, Bizkaiko 108, eta Gipuzkoako 66. «Patologia horren kronikotasuna eta konplexutasuna dela eta, pazienteen %90ek jarraipen aktiboan jarraitzen dute gaur egun», gehitu du Garcia-Moncok. Jarraipen hori «sei edo zortzi hilabetean behin» egiten dute, Delgadok zehaztu duenez.

Asistentzia jarduerari dagokionez, guztira 950 kontsulta erregistratu dira: batetik, aurrez aurrekoak izan ez diren beste espezialitate mediko batzuetako 387 kontsulta, iritzia, ebaluazioa edo aholkularitza eskatzeko; bestetik, neurologia zerbitzuaren zuzeneko 322, balorazioa eta tratamendua zehazteko; eta, azkenik, erizaintzako 241 kontsulta. Azken horiek pazienteari informazioa emateko, kontrol probak egiteko —tentsioa eta elektrokardiograma—, eta unitatean jarraipenaren koordinazio integrala egiteko.

Sendabiderik ez

Long COVID Euskal Herria elkarteko kideak aitortu du «ezer ez baino hobea» dela horrelako zerbitzu bat izatea. Hala ere, uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID iraunkorra «gaixotasun marjinala balitz bezala» tratatzen ari direla. «Hortaz, bideratzen ari diren baliabideak ere urriak dira», gaitzetsi du Delgadok. Are, hark susmoa du gaixoak «isilarazteko adabakia» baino ez dela izan.

Garcia-Moncok aurrera egiteko dituzten mugak aipatu ditu: «Gaur egun ez dago terapia edo medikazio espezifikorik COVID iraunkorra dutenentzat, eta, beraz, sufritzen dituzten sintomak tratatzeko lanean ari gara». «Ziur aski», gehitu du, «egiten duguna egiten dugula, gehiago nahi duen jendea egongo da».

Gaixoek unitateaz egiten duten balorazioa «oso positiboa» da, Garcia-Moncoren arabera. Delgadok, ordea, ñabardura bat egin nahi izan du. Unitateak berak egiten duen lana baino gehiago, hango neurologoak —mediku bat eta erizain bat baino ez daude— egiten duen lana goretsi du: «Esaten dizkiogunak ez ditu zalantzan jartzen, eta hori asko da guretzat».

«Gaur egun ez dago terapia edo medikazio espezifikorik COVID iraunkorra dutenentzat, eta, beraz, sufritzen dituzten sintomak tratatzeko lanean ari gara»

JUAN CARLOS GARCIA-MONCO Basurtuko ospitaleko Neurologia Zerbitzuko burua

Long COVID elkarteko kideak azaldu duenez, unitatea Basurtuko ospitaleko Ampuero eraikinean «erdi ezkutatuta dagoen kontsultategi bakar bat baino ez da». Izenik ere ez diote jarri. Eta horrek «are garrantzitsuagoa» egiten du bertoko neurologoak egiten duen lana: «Zerbitzua profesional horren dedikazioari esker ateratzen ari da aurrera, osasun sistemaren benetako apustu bati esker baino gehiago». Aitzitik, zalantzan jarri du unitateak espezialitateen artean egiten duen koordinazio lana «horrenbesterainokoa» denik: «Are, behin Basurtuko unitatera bideratzen gaituztenean, guri arreta emateari uzten diote gainerako medikuek».

(ID_15809652) (Mikel Martinez de Trespuentes/@FOKU) 2026-02-18, Getxo. Covid iraunkorra, Isabelle Delgado
Isabelle Delgado Long COVID Euskal Herria elkarteko kidea. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU

COVID unitatea astean behin baino ez dago zabalik; «tokia dagoenean, alegia», Garcia-Moncok aitortu duenez. «Erietxea gainezka dago», aipatu du. Hala ere, beharrizanen arabera, beste hainbat arratsaldetan ere zabaltzen dute. Bitartean, goizez, neurologia gaitz arruntak tratatzen ditu COVID iraunkorra duten pazienteak artatzen dituen medikuak.

Irizpideak «ez daude argi»

Basurtuko COVID iraunkorreko unitatea kasu larri eta konplexuak dituzten pazienteak artatzeko zabaldu zuten, eta hori ere gogor kritikatu du Delgadok: «Urte asko baitaramagu zain». Long COVID elkarteko eledunaren ustez, «paziente guztiek izan beharko lukete bertan artatuak izateko aukera».

Horiek horrela, gaixo bat edo bestea unitatera bideratzeko irizpideak zeintzuk diren ez du ulertzen: «Kasu askotan, familiako medikua izaten da hori erabakitzen duena; eta Araba eta Gipuzkoako gaixoen kasuan, tokian tokiko erreferentziazko medikua. Ikaragarria da pertsona bakar batek horrenbesteko ahalmena izatea». Horrek «atsekabe handia» eragiten du pazienteengan.

«Urte asko daramatzagu zain. Paziente guztiek izan beharko lukete bertan artatuak izateko aukera»

ISABELLE DELGADO Long COVID Euskal Herria elkarteko kidea

Aipatu gaia Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordera iritsi zen otsailaren 2an, EH Bilduk aurkeztutako eskaera baten bitartez. Esan zuen Arabako eta Gipuzkoako herritarrek Bizkaikoen baldintza berberetan sartu behar zutela Basurtuko unitate espezializatura. EAJk eta PSE-EEk, ordea, atzera bota zuten eskaera. Azken bi horien zuzenketa baino ez zen aurrera atera: jarduteko protokoloak eta laguntza zirkuituak sendotu, profesionalen prestakuntza indartu, eta ikerketa eta entsegu klinikoetan aurrera jarraitzeko konpromisoa hartzea eskatzen zuena, alegia.

GAREZURREKO ESTIMULAZIO ELEKTRIKOA

Urte honetan, Osakidetzak garezurreko estimulazio elektrikoan oinarritutako saiakuntza klinikoa egin du Basurtuko unitatean. Horren bidez, estimulu elektrikoak edo magnetikoak proiektatzen dira garuneko eremu jakin batzuetan, uste baitute estimulu horiek ondorio onuragarriak izan ditzaketela pazienteen jarduera neuronalean eragitean. Terapia hori arrakastaz erabiltzen da beste patologia batzuetan, hala nola depresioan, neke kronikoan edo astenia luzean. 

Helburua da alternatiba terapeutiko eraginkorra eskaintzea patologiaren bi sintomarentzat: nekea eta narriadura kognitiboa. 

Garcia-Moncoren arabera, unitateak urrats bat harago joan nahi du, eta «pertsona horien bizi kalitatea zuzenean hobetzea ahalbidetuko duten alternatibak eskaini». Delgadok, ordea, susmo txarrak ditu: «Unitatea martxan jartzea ez zen aitzakia izango saiakuntza egin ahal izateko, ezta?». Azterlana emaitzak aztertzeko fasean dago orain. Horri esker, ebaluatu ahal izango da ea terapia eraginkorra den nekea eta errendimendu kognitiboa hobetzeko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.