Eusko Jaurlaritzako Bizikidetza idazkaritza orokorrak Herenegun unitate didaktikotik erretiratuko ditu Covite indarkeriaren biktimen elkarteko kide Conchi Fernandezen eta Antonio Recioren testigantzak, Covitek berak hala eskatuta. Jaurlaritzak duela gutxi aurkeztu du Herenegun berritua, baina Consuelo Ordoñez elkarteko presidenteak esan du programak «ETAren terrorismoari zilegitasuna kendu gabe» segitzen duela. Elkarteak alegazioak aurkeztu dizkio Herenegun-en erreformari; lehen bertsioan ere aurka zegoen, «erabat», baina «aukera bat» eman nahi izan zion Jaurlaritzari, Ordoñezek azaldu duenez.
«Coviteren bi testigantza eta beste batzuk erantsita eta beste zenbait murriztuta zerbait aldatuko zela pentsatzen zuten, baina ez da ezer aldatu, bera baita planteamendua: gatazkaren teoriari zilegitasuna ematen dio oraindik», esan du Ordoñezek hedabideen aurrean, Donostian, elkarte horren XVIII. jardunaldiak hasi baino lehen —goizean ekin diete, hotel batean—. «ETAk proiektu politiko jakin bat ezartzeko hil gintuen».
Coviteko presidenteak jardunaldietan adierazi du polizia indarren lanagatik ETAk ez zuela «bataila militarra» irabazi, «baina arrisku handia dago bataila morala, soziala, politikoa eta judiziala irabaz dezan, baita historiarena ere». Uste du EAEko estatutu berriaren asmoarekin «lege bihurtu» nahi dutela ETAren proiektu politikoa.
Covitek arratsaldean segituko du bere jardunaldiekin.