Cristina Ibarrola izango da UPNren Iruñeko alkategaia hauteskundeetan

Enrique Maia ez da aurkeztuko maiatzeko bozetara, baina alderdiaren barruan jarraituko du. Ibarrola Nafarroako parlamentaria da, eta Osasunbideko zuzendari izandakoa

Enrique Maia eta Javier Esparza, atzo, UPNren egoitzan egin zuten prentsaurrekoan. JESUS DIGES / EFE.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Enrique Maia Iruñeko alkate eta UPNko presidenteordeak iragarri du ez dela aurkeztuko maiatzeko udal hauteskundeetara. Cristina Ibarrola Osasunbideko zuzendari ohi eta Nafarroako parlamentariak hartuko du lekukoa.«Ideia berriak eta energia berriak dituen pertsona bat dator. Ziur nago Iruñeko hurrengo alkatea izango dela, eta horregatik erabaki nuen kargu publiko hori uztea», esan du Maiak.

Alkatearen arabera, Ibarrolak ibilbide profesional «bikaina» du medikuntzaren arloan, baita taldeen kudeaketan eta lidergoan ere: «Iruñeko errealitate sozialean aditua da, eta kolaboratzaile nekaezina izan da COVID-19aren aurkako borrokan». UPNko Zerrenden Batzordeak bere egin du proposamen hori, eta alkateak esan du Kontseilu Politikoari helaraziko diotela, zerrendaburu izendatzea onar dezaten.

Ibarrola Lehen Mailako Arretako zuzendariordea eta zuzendaria izan da, baita Osasunbideko zuzendaria ere. 2011ko abuztuan Yolanda Barcinak Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari nagusi izendatu zuen, eta kargu horretan aritu zen 2014ko irailean Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile izendatu zuten arte. Ibarrolari buruz, Maiak esan du Iruñea ongi ezagutzen duela, hirian jaio eta hazi delako, eta «lasaia» eta «trebea» dela: «Urte gogorrak izan dira, pandemiaren ondorioz. Alkate gisa Ibarrolarekin egunero hitz egin nuen hilabete horietan, bolada zailetan, haren ekarpen teknikoak jasotzeko». Gainera, alkategaia emakumezkoa izatea «ezinbestekoa» dela esan du Maiak: «Iruñeko alkateen argazkietan, emakume bakarra dago, besterik ez. Logika hutsagatik, ez du zentzurik».

Agurra iragartzeko agerraldian, Maiak eskerrak eman dizkio Javier Esparza alderdiko presidenteari, prentsaurrekoa egiteko aukera emateagatik: «Bizi ziklo bat da, eta politikan egon naizen hamabi urte hauek zoragarriak izan dira, baina heldu da zikloa amaitzeko ordua». Etorkizunean alderdian jarraituko duela gaineratu du, nahiz eta oraingoz lanpostua ez zehaztu: «Nik gaur egun ez dut interesik kargudun politiko izateko, baina nire alderdian jarraitu nahi dut, erabakitzen duten postuan».

Maiak urteak eman ditu politikan. 1999tik 2011ra, Yolanda Barcina alkate zela, Hirigintza arloko arduradun eta gerente izan zen, eta, Barcinak Nafarroako Gobernura salto egin zuenean, politikaren lehen lerrora pasatu zen. Bi aldiz izan da Iruñeko alkate: 2011tik 2015era eta 2019tik 2023ra. Tartean, oposizioan egotea egokitu zitzaion. Politikan aritutako urteetan asko ikasi duela adierazi du. Hala ere, nabarmendu du alkatea dela oraindik ere: «Oraindik sei hilabete geratzen zaizkit, eta lanean jarraituko dut».

Amaieraren hasiera

Azaroan piztu zen zurrumurrua. Maite Esporrin PSNko zinegotziak elkarrizketa bat eman zuen Noticias de Navarra egunkarian, jakin ondoren ez zela alkategai izango. Elkarrizketa hartan, aditzera eman zuen alkatea ere ez zela hautagai izango berriz. Biharamunean, Diario de Navarra egunkariak baieztatu zituen hitzok. Maiak berak ez zituen adierazpenak ez baieztatu ez ukatu. Are, «indartsu» eta «gogoz» zegoela esan zuen. Orain, hiru hilabete geroago, alkateak esan du egoera aztertu duela, eta denbora behar zuela erabakia hartzeko: «Ez ginen antzerkia egiten ari, eta ez nuen neure burua nabarmendu nahi. Serioski hartu nuen».

Erabakia Eguberrietan iritsiko zela esan zuen alkateak, eta iritsi da azkenean. Hautua «zaila» izan dela esan du, baina, era berean, «onuragarria» alderdiarentzat: «Iruñeko alkate izateko, oso postu garrantzitsua denez, daukazun guztia eskaini behar duzu. Horregatik, hobe da beste norbait izatea alkategaia. Uste dut hori ona dela hiriarentzat eta nire alderdiarentzat, UPNrentzat».

Azkenik, Maiak eskerrak eman dizkio alderdiari, emandako babesarengatik: «Zer gehiago eska dezaket pertsona eta hiritar gisa, nire hiriko alkate izatea baino?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.