Cuauhtemoc Cardenas Solorzano Mexikoko ezkerreko politikaria atzo hil zen, 92 urte zituela. Mexikoko presidente izandako Lazaro Cardenas del Rioren semea, bera ere hiru aldiz saiatu zen herrialde horretako gobernuburu izaten. Partido Revolucionario Institucional (PRI) alderdian hasi zuen bere ibilbide politikoa, baina desadostasunak zirela eta, PRD ezkerreko alderdia sortu zuen, eta haren eskutik izan zen Mexikoko presidentegai. Euskal Herrian aski ezaguna zen Cuauhtemoc Cardenas, bake prozesuak nazioartean izan zuen babesleetako bat izan zelako.
Konpromiso horren adibide bat da haren parte hartzea Kanboko Arnaga Etxean egin zen ETAren amaierako Nazioarteko Konferentzian, 2018an. Cardenas ekitaldi horren nazioarteko ordezkaritzako kide izan zen, Jonathan Powell, Brian Currin, Bertie Ahern, Gerry Adams eta Raymond Kendallekin batera.
Horren aurretik ere erakutsi zuen Euskal Herriko bake prozesuarekiko konpromisoa. Izan ere, 2011ko Aieteko Adierazpena babestu zuen. Urte hartako urrian egin zen, Donostian, gatazkaren konponbidea sustatzeko nazioarteko konferentzia; ekitaldi hura izan zen ETAren desegite prozesuaren abiapuntua. Bi urte geroago, Cardenasek Mexikon sustatu zuen Aieteko Adierazpena babesteko ekitaldi sinboliko bat; Latinoamerikako hamazortzi buruzagik parte hartu zuten ekitaldi hartan.

Cardenasek Euskal Herriarekiko zuen konpromisoa irmoa izan zen, eta behin baino gehiagotan erakutsi zuen: Arnaldo Otegiren askatasuna eskatu zuen, ezker abertzalearen ordezkaria 2009 eta 2016 bitartean Bateragune auziagatik espetxeko zigorra betetzen ari zenean. Halaber, euskal presoen sakabanaketarekin amaitzeko aldarria ere bere egin zuen.
Hain zuzen ere, haren heriotzaren berri izan eta gero, dolumin mezua argitaratu du Otegik X sare sozialean: «Euskal Herriarekiko elkartasuna beti erakutsi zuen lagun leiala joan zaigu. Bere konpromisoak aztarna ahaztezina utzi zigun. Bake prozesuan parte hartu zuen eta gure askatasunaren aldeko adierazpena sinatu zuen», dio gazteleraz idatzitako mezuak. «Gure herriaren historiaren une garrantzitsuetan alboan izan genuen pertsona baten oroitzapena geratzen zaigu», erantsi du Otegik. Cardenasekin egindako topaketen argazkiekin lagundu du mezua.Â
Hiru aldiz presidentegaiÂ
Mexiko Hirian jaioa, ingeniari zibila zen formazioz, baina gazte-gaztetik murgildu zen politikan. Etxean bertan jaso zuen politikarekiko interesa, jaio zen urtean bertan izendatu zutelako haren aita, Lazaro Cardenas del Rio, Mexikoko presidente (1934-1940). Ibilbide politikoa haren aitaren alderdian, PRIn, hasi zuen, 1954an, baina alderdi horrekin izaniko desadostasunak zirela medio, alderdi propioa sortu zuen 1980ko hamarkadan: Partido de la RevoluciĂ³n DemocrĂ¡tica (PRD). Cardenas hiru bider izan zen presidentegai ezkerreko mugimendu horren eskutik: 1989n, 1994an eta 2000an. Inoiz ez zuen lortu Mexikoko presidentetzara iristea, baina agintera iritsi zen Mexikoko Hiriko gobernuan. Gainera, haren agintaldia mugarri izan zen, hura izan zelako herritarren botoen bidez izendatutako Mexikoko hiriburuko lehen gobernuburua.
Mexikoko presidente izatea inoiz lortu ez bazuen ere, ezkerreko mugimenduen sustatzaile garrantzitsua izan zen Cuauhtemoc Cardenas. Claudia Sheinbaum egungo presidenteak ere aitortu du herrialde horretako historian «ezinbesteko erreferentea» izan zela.