La Cumbre jauregia Donostiako Udalari lagatzeko fasea aktibatu dute

Joxean Lasa eta Joxi Zabala torturatzeko erabili zuen GALek eraikina; orain, eskualdatzeaz gain, memoria demokratikorako leku izendatuko dute.

La Cumbre jauregia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
La Cumbre jauregia, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 18a
17:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Batzuetan ez da gauza bera nongoa izan, eta nongoa sentitu. Adibide bat: geografikoki Donostian kokatzen bada ere, La Cumbre jauregia ez dagokio hari, baizik eta Madrili, Espainiako Gobernuari. Baina ezer ez da betiko, eta badirudi eraikinaren jabetza eskubidea geroz eta hurbilago duela Donostiako Udalak. Memoria Demokratikoaren Legeak horretara bideratuta, aspaldi dute itxita jauregia Donostiako Udalari eskualdatzeko akordioa. Hitzartu, aspaldi hitzartu zuten, baina oraindik ez da deus aldatu. Iazko apirilean, udalean mozio bat onartu zuten PP ez bertze udal talde guztiek, eta gauza bakarra eskatzen zioten Espainiako Gobernuari: La Cumbre jauregiaren lagapena ahalik eta lasterren bideratu zezatela. Bada, egin du aurrerapausorik auziak, eta gaur iritsi da azken berria: Espainiako Gobernuak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan duen ordezkaritzaren eskaera jaso du Donostiako Udalak, eta jauregiaren behin betiko atxikipena kentzeko izapideak egiten hasi da. Badirudi, beraz, aktibatu dela La Cumbre Donostiako Udalaren esku gelditzeko eta memoria toki izendatzeko fasea.

Espainiako Gobernuko alderdiek EH Bildurekin egindako akordio bat dela medio, 2022ko Memoria Demokratikorako Legeak La Cumbre eta Ezkabako gotorlekua (Nafarroa) memoria toki bihur daitezela agintzen du, eta bakarra da arrazoia: bi toki horietan giza eskubideak urratu zituztela. Urtarril bukaeran eman zioten izendapena Ezkabari, baina gibeleratzen ari da Donostiakoa.

Frankismo garaian eskuratu zuen Espainiak La Cumbre jauregia, 1944an, eta 1983an Barne Ministerioaren esku uzteko aldaketa egin zuten. Guardia Zibilak eraikineko sotoan inkomunikatuta eta bahituta eduki zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta hantxe torturatu zituen. Ondoren, Fusoteko Foya de Covesera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten. Tiro bat eman zioten buruan Lasari, eta bi Zabalari. Biak zulo batera bota zituzten, eta kare bizian lurperatu. Haien gorpuak 1995ean identifikatu zituzten.

2024an La Cumbrerako landutako proposamen bat aurkeztu zuten hainbat talde memorialistek: Egiari Zor, Aranzadi, Argituz eta Mikel Zabalza taldeek, Berridatzi elkarteak eta Lasa eta Zabalaren senideek, hain zuzen ere. Lasa eta Zabala torturatu zituzten lekua «biktimen etxe» bilakatu zedin eskatu zuten, eta bihur zedila talde parapolizialek eta estatuko segurtasun indarrek Euskal Herrian egindako giza eskubideen urraketei buruzko memoria leku.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.