La Cumbre jauregia administrazioaren esku «ahalik eta lasterren» uzteko eskatu du Egiari Zor fundazioak

Donostiako Udalera eskualdatzeko eta memoria toki izendatzeko bidean da eraikina, eta erakundeek prozesua babestu dezatela eskatu du taldeak.

Egiari Zor fundazioak, irailean, Donostian egindako memoria ekitaldi bat, Martinez Antiarentzat justizia eskatzeko. FOKU
Egiari Zor fundazioak, irailean, Donostian egindako memoria ekitaldi bat, Martinez Antiarentzat justizia eskatzeko. FOKU
Iratxe Muxika
2026ko otsailaren 19a
17:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zorion mezu bat lehenik, eta eskaera bat gero. Egiari Zor fundazioak ohar bat argitaratu du, eta zoriondu egin ditu azken urteotan «ziurgabetasun gorabehera honen gainean» borrokan aritu diren norbanako eta eragile guztiak. Atzoko albistearen harira dator gaurko mezua, hain zuzen ere, Donostiako Udalak atzo jakinarazi zuelako Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkaritzaren eskaera jaso duela, eta, hortaz, abian dela La Cumbre jauregia udalaren esku uzteko prozesua.

Eta egin dute eskaera: «Estatuko erakundeei dei egiten diegu eskualdatzeko prozesu hori ahalik eta azkarren egin dezaten, memorialak babestu beharreko biktimen familietan ulertezintasuna, kezka eta birbiktimizazioa besterik eragiten ez duten alferrikako luzapenak ekidin ditzaten».

Ez dute erakunde jakinik seinalatu; aitzitik, nabarmendu dute «herri honetako erakunde guztiek» eman beharko lioketela bultzada prozesuari, eta «sigla politikoen gainetik» babestu behar luketela biktimen eta senideen memoria. «Ez badugu iraganeko tragediarik errepikatzerik nahi, egindakoa irakaspen bihurtzea agindu etiko bat izan beharko litzateke», erran dute.

Edonola den, gibeleratuta dago prozesua, 2022ko Memoria Demokratikoaren Legean ezarri baitzen urtebeteko epean eskualdatuko zela Donostiako La Cumbre jauregia, hura memoria leku bihurtzeko. Gaur-gaurkoz, Madrildik Donostiara eskualdatzeko prozesuan da eraikina.

Berme bat, ez dadin errepikatu

Mantso, baina badoaz aitzinera, eta Egiari Zor fundazioak harro begiratzen dio «herri proiektuari». Aranzadi, Argituz eta Mikel Zabalza Gogoan taldeak, Berridatzi elkartea eta Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren senideak izan ditu bidelagun, eta «diskrezioz» egin dute lan urteotan. Helburu bakarra izan dute jomugan: «La Cumbre jauregiak egiaren, justiziaren, memoriaren eta erreparazioaren lekua izan behar du, eta gertatutakoa ez errepikatzeko bermea eman behar du».

Hain zuzen ere, Guardia Zibilak eraikineko sotoan inkomunikatuta eta bahituta eduki zituen Joxean Lasa eta Joxi Zabala, eta hantxe torturatu zituen. Ondoren, Busoteko Foya de Covesera (Herrialde Katalanak) eraman zituzten. Tiro bat eman zioten buruan Lasari, eta bi Zabalari. Biak zulo batera bota zituzten, eta kare bizian lurperatu. Haien gorpuak 1995ean identifikatu zituzten. Horregatik eskatzen dute La Cumbre memoria toki izenda dezatela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.