Gaur-gaurkoz Heziberri 2020 plana da Eusko Jaurlaritzak Espainiako hezkuntzaren erreformari aurre egiteko prest duen «tresna» bakarra. Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak plangintza horren baliagarritasuna defendatu du, Gernikako Estatutuak Eusko Jaurlaritzari aitortzen dizkion eskumenetan babestuta. Ordea, oposizioko talde handienek erantzun diote hori ez dela nahikoa; Eusko Jaurlaritzak Wert legeari orain arte erantzun eskasa eman diola egotzi diote, baita konstituziokontrakotasun-errekurtsoa jarriko duen argitzeko eskatu ere.
Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak Heziberri 2020 plana aurkeztu zuen atzo Eusko Legebiltzarrean, baita oinarrizko ideiak eman ere. Hiru zutabe ditu planak: hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa, euskal curriculumaren dekretua eta Euskal Hezkuntzaren Legea. Ordea, zehaztasun gutxi eman ditu Uriartek. Euskal curriculumak izango dituen ezaugarriak ezin dituela eman errepikatu du, oraindik ere curriculum dekretuak egiteko prozesua ez baita hasi. Horren aurretik, hezkuntza eredu pedagogikoaren marko propioa zehaztu behar dela azaldu du, non zehaztuko baitiren dekretuak «eraikitzeko oinarriak».
Eusko Jaurlaritzak zehaztutako epeen arabera, euskal curriculuma garatzeko plangintza abenduaren 20an aurkeztuko dute, eta, eragileekin eztabaidatu ondoren, 2014ko otsailaren 20an onartuko dute plangintza. Horrez gain, Euskal Hezkuntzaren Legea sortzeko ildoak ere abenduaren 20an aurkeztuko dituela iragarri du.
Belen Arrondo EH Bilduko legebiltzarkideak adireazi du proposamena errealitatetik kanpo dagoela. Heziberri 2020 egitasmoari buruz hitz egiterakoan Espainiako lege erreforma egongo ez balitz bezala jokatzea leporatu dio sailburuari. «Dekretua tresna bat da maila jakin batean, baina tresna guztiak behar ditugu erreformari aurre egiteko».
Isabel Zelaa PSE-EEko legebiltzarkideak gogorarazi du curriculum dekretu batek ez duela zereginik Espainiako Kongresuaren Lege Organiko baten aldamenean. Hortaz, eta hezkuntza sisteman atzerapausorik ez gertatzeko, hartuko dituen neurriei buruz argibideak emateko galdegin dio Uriarteri. EAJk, berriz, babestu egin du sailburuaren jarduna.
Sailburuak Heziberri 2020 plangintzaren baliagarritasuna aldarrikatu du, eta eztabaida abiatu izana defendatu. «Planifikazioa behar dela kritikatu daiteke, baina ezin gara bururik gabeko oiloen gisa ibili». Bestalde, gogorarazi du Espainiako hezkuntza aldatzeko lege egitasmoa Senatuan dagoela, eta, han onartu ondoren, Kongresura itzuliko dela. Tarte horretan aldaketak izan ditzakeela gaineratu du, eta behin betiko testua ezagutu arte zain egongo direla azaldu. «Wert legea onartutakoan, txosten juridikoa izango dugu, baina oraindik ez dakigu zeren kontra egin behar dugun».
Curriculuma garatzeko parte hartzeari dagokionez, orain arte egindako lana ere goratu du. Markoaren testua zenbait eragilerekin adostu dutela berretsi du: Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, Kristau Eskola, Sarean, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle fakultateak, Eusko Ikastola Batza, Ikasgiltza, EHIGE, Erkide, BIHE, Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoa eta Bizkaiko Elizbarrutiko ikastetxeak. Aurrerago sindikatuekin ere hitz egingo duela iragarri du.
«Doktrinatzeko» baliabidea
EH Bilduk eta PSE-EEk Espainiako hezkuntza erreforma hizpide izan dute, baina PPk eta UPDk Hezkuntza Sailaren egitasmoak «doktrinatzeko» balioko duela leporatu diote. Iragan astean onartutako hezkuntza eredu pedagogikoaren esparruari ezaugarri batzuk aitortu dizkiote Hezkuntza Sailak eta eragileek. Horien artean, «Euskal Herriaren ukaezina den berariazko ezaugarri kulturala eta linguistikoa, eta lurralde bakoitzaren egoera politiko-administratiboa» hobeto «uztartuko» duela uste dute.
Esaldi horrek agerian uzten du «nazionalistek beti ideologikoki doktrinatzeko izan duten grina», nabarmendu du Gorka Maneiro UPDko legebiltzarkideak. Ikasle guztiak abertzaleak bilakatu nahi izatea aurpegiratu dio Hezkuntza Sailari. Horrekin batera, Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroaren egitasmoa ere kritikatu du. Hezkuntza erreformak «Espainian hamazazpi hezkuntza eredu» ahalbidetzen dituela salatu du.
Iñaki Oiartzabal PPko legebiltzarkideak «erradikalenen» atzetik joatea leporatu dio Uriarteri. Hezkuntza sailburuak aurkeztu duen testua «iraganerako jauzia» dela nabarmendu du, eta «konfrontazioa» baino ez duela eragingo. PSE-EEk ere «irizpide ideologikoak» erabiltzea leporatu dio Uriarteri, eta adostasunaren garrantzia nabarmendu.
Kritika horiek guztiak ukatu ditu Hezkuntza sailburuak. Orain arte egindako lanean ideologiarik ez dagoela nabarmendu du, «ikasleen gaitasunei» eta «hezkuntza ereduei» buruzko gogoetak baizik. Horrez gain, markoaren jatorrizko testua «eragile askoren» artean adostu dela azaldu du Uriartek, baita gaineratu ere onartuko den testuak ez duela «legearen derrigorrezkotasunik» izango. «Bete beharrekoa izango da bere borondatez horrela erabakitzen dutenentzat». Dena den, esparru hori curriculum dekretuak idazteko oinarria izango dela zehaztu du.
Unibertsitatea «lehentasun»
Uriartek EHUrekin duen konpromisoa berretsi zuen, bestalde, Leioako (Bizkaia) Arte Ederretako fakultateko bigarren eraikinaren inaugurazioan, atzo. Unibertsitatea Eusko Jaurlaritzaren «lehentasuna» izango dela iragarri zuen sailburuak, eta asmo hori datozen bost urteetarako unibertsitate planean islatuko dela iragarri zuen. Plan horretan «unibertsitatearen kalitatea hobetzeko balioko duten inbertsioak» adostuko dituztela zehaztu zuen.
Ildo horretan, unibertsitate planean agindutako finantzaketa betetzeko eskatu zion EILAS sindikatuak Uriarteri, gutun bidez. Egindako murrizketek unibertsitatea «kolapso arrisku egoerara» eraman dutela azaldu zioten gutun horretan. 2011 eta 2014 arteko eperako unibertsitate planeko zenbait konpromiso ez betetzeaz gain, plan horretan eskuratutako zenbait lorpen «alferrik gal» daitezkeela gaineratu zuten.
Curriculumak 'Wert legeari' aurre egingo diola dio Uriartek, oposizioari dudak uxatu gabe
EH Bildu eta PSEren ustez, 'Heziberri 2020' plana bera soilik ez da nahikoa Espainiako hezkuntza erreformari aurre egitekoPPk, PSEk eta UPDk «doktrinamendua» egotzi diote Hezkuntza Sailaren egitasmoari

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu