Urte erdia joan da ETAk armak uzteko erabakiaren berri eman zuenetik. Briam Currin Hegoafrikako abokatu eta Nazioarteko Harreman Taldeko kideak geldirik ikusten du prozesua, eta denei eman die berea. Guztientzako izan du. ETA «erakunde terrorista gisa» desagertu dela esan du, eta, beraz, ez duela zentzurik ezer egin aurretik ETA desagertzeko baldintza jartzeak. Areago, ETA desagertzea «arriskutsua» dela gaineratu du, eta gogora ekarri du beste prozesu batzuetan «talde paramilitarrak» desagertu ez, baizik eta eraldatu egin direla; esate baterako, Ipar Irlandan, presoen gizarteratzean lan eraginkorra eginaz. Presoen gaiari heldu egin behar zaiola uste du, eta ez du ulertzen alderdiak nolaz ez diren ari elkarrizketetan.
Gazta zati bat film dokumentalaren estreinaldian egin zituen hitzok, atzo, Donostian. Hainbat alderdi politikotako ordezkariak zituen inguruan, baita, dokumentala grabatzerakoan lagun egin duen cheese people-a ere.
Argi hitz egin zuen. ETA «erakunde terrorista gisa» desagertuta dagoela esan zuen, eta hori argudiatzeko, Espainiako Gobernutik bertatik hartutako hitzak baliatu zituen. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak herenegun bertan esan zuen ETAk ez duela armategirik. ETAk unilateralki armak uztea erabaki zuela ekarri du gogora. Beraz, ETAk «indarkeriara itzultzerik» ez duela izango nabarmendu du. Ondorioa zein da? «ETA ez da existitzen talde terrorista gisa». Hori kontuan hartu behar dela dio, eta ETA desagertzea ez dela gai garrantzitsua nabarmendu du, gainera, baldintza ez izateaz gain, «arriskutsua» ere badela uste du.
Beraz, eta hori kontuan hartuta, euskal presoak askatzeak ez dakar arriskurik, haren ustez, «indarkeriarik gabeko ingurunera aterako direlako, ingurune demokratikora». Gogora ekarri du, alderdi guztiek ez ezik, Eusko Jaurlaritza, lehendakari eta Espainiako alderdiek ere presoekin zerbait egin beharraz hitz egiten dutela. Horretan ados daudela ikusita, ez du ulertzen zergatik ez duten erabakitzen zer eta noiz gertatuko den.
Dudarik ez du presoak Euskal Herriko espetxeetara gerturatu behar direla. Gogora ekarri du PPk esaten duela ETA desagertzen denean sakabanaketa indargabetzea posible izan daitekeela. Currinek argi ikusten du: ETA existitzen ez denez, ez du zentzurik hori esateak eta horri eusteak.
Konplikatua ikusten du amnistia bat izatea, «nazioarteko eskubideek azken 20 urtean esan baitute biktimek justiziarako eskubidea dutela». Nolanahi ere, amnistiarik gabe ere presoak kaleratu daitezkeela dio, eta Ipar Irlanda jarri du adibide: «Bake bideak bakarrik erabiltzeko konpromisoa hartu zutenak lehenago askatu zituzten».
Elkarrizketaren beharra
Espainiako Gobernuari ere aritu zaio Currin. Hurrengo urratsa egitea berari dagokiola uste du. Madrilek Aieteko Adierazpenari oraindik ez diola erantzun esan du, baina, elkarrizketetan hasi beharra daukala ohartarazi dio, «ez negoziatzen, baizik eta indarkeriaren ondorioez hitz egiten: biktimez, presoez eta armen entregaz. Ez dira gai zailak».
Serio ez ezik, errieta tonuan ere hitz egin du alderdi politikoei zuzendu zaienean. Haren arabera, ETAk armak uztea erabaki aurretik elkarrizketa politiko gehiago zegoen orain baino. «Kanpoko begirale gisa, ez dut ulertzen nola dagoen orain elkarrizketa gutxiago lehen baino. Ez dauka batere zentzurik». Horregatik, Euskal Herriko alderdi politikoei lidergoa hartu eta elkarrizketa bultzatzeko deia egin die.
Currin: «ETAri desegiteko eskatzea, zentzugabeaz gain, arriskutsua da»
ETA «erakunde terrorista gisa» desagertu dela ondorioztatu du, eta Madrili ohartarazi dio berari dagokiola hurrengo urratsa egiteaEz du ulertzen oraindik ere ez abiatu izana alderdien arteko elkarrizketa politikoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu