Euskaraz ikasi ahal izateko ehunka kilometro egin behar izaten dituzte eta gastua ordaintzeko diru laguntzarik ez dute. Aspaldikoa da salaketa Nafarroako euskararen legeak eremu ez-euskaldun gisa izendatzen duen zonaldeko gurasoena. Beriaingo aita-ama batzuk parlamentuan izan ziren herenegun bizi duten egoera salatzeko: Hegoalde ikastolara, Iruñera bidaltzen dituzte umeak, herrian euskaraz ikasterik ez eta —eremu ez-euskaldunean dago Beriain—.
Alderdietako ordezkarien aurrean egin dute salaketa, eta PSNk jarrera aldaketa bat irudikatu du. "Ez da bidezkoa", esan du Maria Carmen Otxoa parlamentariak, Beriaingo gurasoen kexuak entzunda. "Injustizia da zuena. Baita Caparrosoko, Erriberriko edo beste hainbat lekutako umeena ere".
Aldaketa bat jarri du mahai gainean talde sozialistak: D eredua eskaintzea eremu ez-euskalduneko ikastetxe publikoetan. "Eskaria baldin badago, logikoena da hezkuntza publikoak hori eskaintzea. Zergatik ez du egon behar D eredurik Beriainen, Erriberrin edo Tafallan, edo eskatzen den tokian, benetako eskaria baldin badago?". Urteetan Erriberriko alkate izana da Otxoa.
Ezkerraren proposamena
Parlamentari baten adierazpena da, baina oinarrian badaude mugimendu gehiago. PSNko iturriek BERRIAri azaldu diotenez gaia aztertzen ari dira alderdi barruan, baina denbora joango da behin betiko jarrera finkatu arte. Zuzendaritza aukeratzeko prozesuan murgilduta dago alderdi sozialista, eta horren ondoren hartuko luke erabakia, iturri horien arabera.
Ezkerra taldeak jarri du proposamen bat mahai gainean: euskararen legea aldatzea, eremu ez-euskalduneko hezkuntza publikoan D eredua eskaintzeko. Eskatzen duten familiek izango lukete aukera euskarazko hezkuntza jasotzeko.
Finean, Ezkerraren proposamena da eremu mistoko eredua eramatea eremu ez-euskalduneko hezkuntzara: D eredua eskainiko litzateke eskola publikoetan, nahi dutenek hartzeko, baina horrek ez lieke inolako derrigortasunik ekarriko euskaraz ikasi nahi ez duten familiei; gaztelania hutsezko G ereduak indarrean jarraituko luke.
Aste batzuk badira proposamen hori talde guztiei helarazi zietela. Ezkerrako iturriek azaldu dute asteon-edo espero dutela PSNren erantzuna. Aurrera egiteko bermea daukanean, orduan aurkeztuko luke ofizialki proposamena Ezkerrak.