Dantxarineko aduanaren kontra egin du Ernaik, independentzia aldarri

Aduanako eraikinean pintaketak egin, eta margo gorriz zipriztindu dute. Gasteizen ere bi ekintza egin dituzte. Iragarri dute aste guztian independentziaren aldeko ekintzak egingo dituztela Euskal Herri osoan.

Dantxarineko aduana, ekintzaren ostean. ERNAI
Dantxarineko aduana, ekintzaren ostean. ERNAI
gotzon hermosilla
2025eko abenduaren 2a
09:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbait ekintza egin zituen Ernaik atzo gauean. Batetik, Euskal Herria zatitzen duen mugaren kontra egin zuen. Bart, Dantxarineko aduanako eraikinean (Urdazubi, Nafarroa), Gazteok independentzia leloa idatzi eta margo gorriz zipriztindu zuen gazte erakundeak. Aldi berean, Gasteizko kideek Jose Lejarreta kaleko plaka eta Ibaiondo auzoko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzaren eraikineko Espainiako bandera kendu zuten. Ekintzen berri eman dute euren sare sozialetan.

https://x.com/ernaigazte/status/1995749576419004892

Gasteizkoak «frankismoaren kontrako» ekintzak izan zirela aldarrikatu du gazte antolakundeak. Gasteizen «diktaduraren aztarnak bizirik dirautela» salatzeko egin dute ekintza. Izan ere, kaleari izena ematen dion Jose Lejarreta Gasteizko alkate frankista izan zen 1941etik 1944ra.

Ernaiko kideak, Jose Lejarreta kaleko plaka kendu dute. ERNAI
Ernaiko kideak, Jose Lejarreta kaleko plaka kendu dute. ERNAI

Halaber, Ibaiondo auzoko Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Probintzia Zuzendaritzaren eraikineko Espainiako bandera kendu dute, «espainolismoaren kontrako ekintza gisa» eta «Euskal Herriaren aitortza ukatzen eta zapaltzen duen estatu espainiarraren ikurraren aurka».

Ekintza gehiago

Ernaik azaldu duenez, Ekinez egina, gazteok independentzia lelopean abian jarritako dinamikaren karietara egindako ekintza izan da, eta Euskal Herria zatitzen duten mugen kontra jotzea izan dute xede: «Espainiak eta Frantziak Euskal Herria zatitu eta ukatzen dute».

Gazte erakunde independentistak iragarri du ekintza hauekin abenduaren 7ra arte iraungo duen «ekintzailetza astea» abiarazi dutela, eta kanpaina horretan «independentziaren aldeko eta espainolismoaren kontrako ekinbideak» egingo dituztela Euskal Herri osoan. Ekinbide horietako batzuk auzo eta herrietan egingo dituzte, eta beste batzuk nazio mailakoak izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.