Hamar gau eta 11 egun irauten du Korrikak, baina, aurten, haren ostekoari erreparatu dio AEK-k, hamabigarren egunari. Nabarmendu dutenez, «hainbat konpromiso» hartuko dituzte euskararen pizkundeari bide emateko. Bi dauzkate zehaztuta: gaur zortzi, asteazkenean, ordubeteko euskara eskola bat emango dute AEK-ko euskaltegietan, doan, eta maiatzaren 21ean, berriz, mintzodromoak egingo dituzte 65 herritan.
Datorren asteazkenekoak hasiera mailako eskolak izango dira, oraindik euskarara hurbildu ez direnentzakoak. Jada eman daiteke izena www.korrika.eus webgunean. Maiatzaren 21eko mintzodromoetarako ere bai; horretarako ere www.korrika.eus webgunera jo behar da.
Konpromiso eske
Martxoaren 29an amaitu zen Korrika, Bilbon, eta biharamuneko balorazioan egin zuen iragarpena Ane Elordi Korrikaren koordinatzaileak: «Beti esan dugu ez dela nahikoa Korrikan parte hartzea, hurrengo eguna ere garrantzitsua dela: benetako lanketa, konpromisoa, behin Korrika igarota dator. Asmo handiko helburuekin abiatzen dugu lasterketa, baina ekimena bera labur geratzen zaigu askotan, eta Korrikan 11 egun horietatik harago joan behar dugu. Hori del-eta sortu dugu Korrikaren hamabigarren eguna: Euskara gara eta izango gara! izeneko ekimena».
Behin Korrika amaituta ere «konpromisoak» hartzea galdegin zien Elordik euskararen aldeko ekinaldian parte hartu zuten guztiei, baina, batez ere, ordezkari politikoei: «Ezinbestekoa da ordezkari politikoen ardura, haien babes juridiko eta politikoa. Askok eraman dute lekukoa Korrikan, baina ekintza sinboliko horretatik haragoko konpromisoa eskatzen diegu hemendik: Korrikaren harira egindako adierazpen ederrak ekimen bihur ditzatela, benetan susta dezaten Euskal Herri euskalduna».