Atzerapen handiz bada ere, azkenean ezagutu dugu gaur Espainiako Osasun Ministerioak Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren egoeraren balorazioa, zero fasetik lehen fasera pasatzeko unean. Hau da, maiatzaren 8an egin zen balorazioa ia hiru aste beranduago zabaldu dute, bi erkidegoak dagoeneko bigarren fasean daudenean. Lehen fasera pasatzeko balorazio txostenetan, bi erkidegoen osasun sistemaren gaitasuna da faktore nagusia fase aldaketa ezartzeko orduan. Hori da gehien nabarmentzen den arloa. Harrigarria da zein lerro gutxi dauden egoera epidemiologikoari buruz, eta nola aipatzen diren datuak (tonu positiboan) ez diren oso ondo bat etortzen egun haietan zabaltzen ari ziren eguneroko datuekin.
EAEri buruzko txostenean, azken 14 eguneko PCR kasu metatuen intzidentzia tasa aipatzen da, maiatzaren 7koa: 42,89 kasu 100.000 biztanleko. Datua, berez, ez dute positibo gisa balarotzen. Nabarmentzen dute intzidentzia erdira 9,1 egunetan jaitsi izana. Beste daturik ez da aipatzen. Nafarroari buruzko txostenean, bitxia da: 14 eguneko intzidentzia tasa aiaotu beharrean (maiatzaren 7an, 62,06 kasu 100.000 biztanleko), azken zazpi egunekoa bakarrik aipatzen dute (24 kasu). Horrez gain, aipatzen da azken zortzi egunetan sintomekin hasten den kasurik ez dagoela. Ez da ongi ulertzen datu hori, adibidez, maiatzaren 7an 17 PCR positibo jakinarazi zirenean, eta aurreko egunean 30.
Eguneko datuak. Heriotza ez da gelditu. Beste zazpi pertsona gehitu behar dira koronabirusarekin hildakoen zerrendara. Bost EAEn, bi Nafarroan. PCR bidezko 11 positibo berri agertu dira: sei Bizkaian, eta bost Nafarroan. Datu kezkagarria da bost ospitaleratze berri izan direla (lau EAEn, bat Nafarroan). ZIUn, berriz, sei pertsona gutxiago daude atzo baino.
Pentsiodunen datua. Zeharkako datu bat da, baina adierazkorra da erakusteko nola kolpatu duen koronorabirusaren tragediak adineko pertsonengan. Apiriletik maiatzera, pentsiodunen kopurua behera egin du Hego Euskal Herrian: 2.329 pentsiodun gutxiago daude. Ohikoena da hilabetetik hilabetera kopuru hori handitzea da. Beherakadaren atzean bi faktore egon daitezke: COVID19ak eragindako heriotzak eta alta berrien atzerapena.
Lehen eguna. Hego Euskal Herrian, bigarren fasearen lehen eguna izan zen atzo. Aukera berriak baliatzeko lehen urratsak neurtzen saiatu dira BERRIAko kazetariak. Toki eta sektore ezberdinetan: eskoletako itzulera (Donostia), ostatuen martxa (Iruñean edo Gasteizen), makrodendetan (Barakaldo), edo hondartzetako giroa (Zarautz).
Deseskalatze prozesuan Italia aurretik doanez, interesgarria da bertan ematen ari diren eztabaidak eta gorabeherak jarraitzea. Birusak zuloak azaleratu ditu Italian.
Agian honek ere merezi du
Osasun langileen aldarria. Mundu osoko 40 milioi osasun langile ordezkatzen duten 350 erakundek gutun irekia idatzi diete G20ko estatu kideei. Hainbat aldarrikapen plazaratu dituzte bertan. Argi daukate osasungintzan inbertsio handiagoak egin edo pandemei aurre egiteko neurriak hartu eta ingurumenaren aldeko politikak bultzatu izan balira krisiaren ondorioak ez liratekeela hainbestekoak izango. Horregatik, kutsadura murriztu eta klima aldaketa geldiarazteko neurriak hartzeko eskatu dizkiote G20ko estatu kideei.
Lan moldeak. Gogoeta interesgarria ekarri du Joseba Barandiaran ekonomilariak 'Pentsaldian' atalean.COVID19aren krisiak lan forma edo ereduetan izan duen eraginaz hausnartu du. Intentsitate eta larritasun ezberdineko erredurak ekarri ditu krisiak lan esparruen arabera. Larriagoak pilaketa handietan oinarritutako negozioetan. Iragankorragoak hezkuntza edo osasungintza alorrean.
Oharra: Eguneko laburpena zure posta elektronikoan jaso nahi baduzu, harpidetu koronabirusaren buletinera.