Koronabirusa. Ostalaritza

Gasteiz. Martxan, erdizka

Gasteizen erdiguneko ostatu asko zabaldu dituzte; Alde Zaharrean aurrerago irekiko dituzte

Bezeroek ostatuen lokal barruko mahaietan kontsumitzeko baimena dute atzodanik. Irudian, gizon bat Gasteizko taberna batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

«Ez dakigu zer etorriko den, baina martxan jarri beharra dago». Esperantzara kondenatua balego bezala mintzo da Alfonso Silva Hungaria tabernako barraren atzetik: kezkatuta, baina itxaropenari eusteko ahaleginean. Bi hilabetez itxia izan ondoren, atzo ireki zuen negozioa; Probintzia plazan dauka, Gasteizen. Erdizka ireki zuen, hori bai. «Oraingoz, tabernaren jabeak garen hiru bazkideak ari gara zerbitzari lanetan, eta gure nahia da apurka-apurka abiada hartzen hastea, baina ikusiko dugu».

Ostalaritzaren sektoreak ezagun ditu itxialdiaren arintze faseen lehenengo egunak, normaltasun berrirako bidean martxa hartzen aurrenetarikoak izan baitziren Hego Euskal Herrian, orain bi aste. Terrazei esker, bezeroak berreskuratzen hasiak ziren negozio gutxi batzuk, baina bigarren arintzeari esker ekin diote jardunari beste batzuek. Ez denek, ordea. Lokalaren barruan kontsumitzeko baimena izan arren, ez irekitzea erabaki baitute askok, baldintzak nahikoak ez direla iritzita. Bada, irudia oso aldakorra zen Gasteizen astelehen goizez, auzo eta eremuaren arabera. Erdiguneko taberna eta jatetxe gehien-gehienak irekita zeuden, nahiz eta bezeroak kanpoko mahaietan kontsumitzen egon. Plaza Berriko terrazak, esaterako, mukuru ziren eguerdian. Eguraldia lagun izan zuten, eta ostalariek lan pixka bat izan zuten goizean zehar, bederen.

Aurreneko fasearekin alderatuta, tabernetan bete beharreko neurriak arinagoak dira orain: terrazen edukiera erdira handitu da, eta lokalaren barruko mahaietan ere zerbitzatu daiteke. Horri esker, taberna askok atzo berreskuratu zuten jarduna, baita terraza dutenek ere. Hungaria da horietako bat, hain zuzen. «Terrazari esker bakarrik ezin dugu iraun. Horregatik erabaki genuen irekiera bi aste atzeratzea. Zuloa eginda dago», zehaztu du Silvak. «Aurreikuspenik gabe» ekin diotela aitortu du, eta segurtasun neurriak «zorrotz» betetzearen urduritasunaz. «Ziurgabetasun handia dago oraindik, eta guk zortzi langile ditugu aldi baterako enplegu erregulazioan. Itsu-itsuan hasi gara».

Bodegon Gorbea ostatua ere ez dute zabaldu bigarren fasea iritsi artean. Errementari kalean terraza dezentea du tabernak, baina hori ez da nahikoa kontuak garbi ateratzeko, Mikel Etxaniz ostatuko arduradunaren hitzetan. «Terrazak bakarrik ez du ematen. Gainera, lehen nahikoa genuen zerbitzari bakarrarekin, eta orain bi edo hiru behar ditugu kanpoko lanetarako». Bi hilabete «zerura begira» egon ondoren, hasierako lehen orduak «apur bat larri» igaro dituela adierazi du. Bi langilerekin ekin dio jardunari, eta ordutegi murriztuarekin: arratsaldeko lehen orduetan ixtea erabaki baitu. «Datorren astetik aurrera ordutegi bereziarekin hasiko gara, eta orduan langile guztiak egongo garela pentsatzen dut». Bost ditu guztira. Ohartarazpena egin du, ordea. «Ezin dugu amets egin ere. Ez dakigu zer neurri eta baldintza izango ditugun aurrera begira ere. Egoeraren arabera joango gara pausoak ematen».

Aiztogile kalean, prestatzen

Aiztogile kalean taberna eta jatetxe asko daude, baina ia denek erabaki dute oraindik ez irekitzea. Gutxi batzuek prestaketa lanak egiteko erabili dute lehen eguna, halere. Jango taberna da horietako bat. «Taberna neurri berrietara egokitzeko eta hornitzaileei eskaerak egiteko baliatu dugu lehen eguna, baina bihar [gaur] zabalduko dugu», adierazi du Juan Lopez Mugikak.

Ostatuaren arduraduna da Lopez, eta bera jarriko da barraren atzean zerbitzari lanetan. Beste langile bat ere izango du lanean, baina gainerako sei langileek aldi baterako erregulazioan jarraituko dute oraingoz. «Ez daukagu aurreikuspenik, egia esan. Baina argi dugu aste hau martxa hartzen hasteko izango dela». Momentuz ez du jantokia zabalduko, baina agian datorren astean menuak emateko moduan egongo dela uste du. Datozen egunetan, halere, taberna gehiago zabalduko dituztela dio. «Hasi beharra dago; ez dago beste erremediorik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.