Koronabirusa. Hezkuntza

Ezohiko itzuleran, zorrotz

Konfinamendua arintzeko bigarren fasean sartu da Hego Euskal Herria. Ikasgeletara itzuli dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat ikasle. Uriartek «normaltasuna» azpimarratu du

Itzulera. Ikasle bat, ikasgelan, maskara jantzita, Donostiako Axular lizeoan, atzo. GORKA RUBIO / FOKU.
Irati Urdalleta Lete.
Donostia
2020ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
Bigarren fasean sartu zen atzo Hego Euskal Herria, eta konfinamendua arintzearen eragina nabaritu zitekeen, eskoletan, ostatuetan, makrodendetan nahiz hondartzetan. Kalera ateratzeko aukera gehiago izan arren, neurri zorrotzak bete behar dira.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ondo markatua izango zuten hainbat ikaslek atzoko eguna, ikasgelara itzultzeko eguna izan baitzen zenbaitentzat. Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Cristina Uriartek maiatzaren 18rako iragarri zuen hasiera, eta sindikatuen haserrea eragin zuen erabakiak. «Espainiako Gobernuaren berme juridikorik ez zegoelako», astebete atzeratu zuten. Hala ere, sindikatuek ohartarazi zuten «beharrezko mobilizazio eta ekintzak» abian jarriko dituztela, grebara jotzeko aukera barne, osasuna bermatua ez dagoen ikastetxe horietan osasuna bermatu arte. Atzo itzulera ez zuen orokorra izan, eta Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak berak esan zuen institutuen %20 inguru ireki zituztela eta Lanbide Heziketako ikastetxe «gehienak». Irekitzea erabaki zutenetako bat izan zen Donostiako Axular lizeoa.

Tenperatura hartu, eskuak garbitu, eta barrura. Tenperatura hartu, eskuak garbitu, eta barrura. Eta horrela behin eta berriz. Axular lizeoaren atarian, ez zegoen iskanbila handirik atzo goizean. 08:00 aldera, ikasle gutxi batzuk baino ez zeuden, maskara jantzita, azterketarako azken errepasoa egiten. «Zaindu distantziak zuen artean», gogorarazten zieten. 08:15 alderako ilaran jarri ziren, elkarren artean distantzia utziz, eta banan-banan sartu ziren ikasgeletara.

Barrura sartutakoan ere, nabaritzen zen ez zela ohiko egoera. Hutsik zeuden ikasgelarik gehienak, eta itxita atzo erabiliko ez zituzten espazioak. Aitor Uriondo zuzendariak azaldu zuenez, Axular lizeoak 903 ikasle ditu, baina atzo DBH4ko eta batxilergoko 60-70 ikasle inguru itzuli ziren ikastolara, errekuperazio azterketak egitera; bakarren batek irakaslearekin bakarkako saioa ere bazuen. «Ohituta ez gauden egoera berri honi ahal dugun ondoen erantzunez, Osasun Sailetik eta Hezkuntza Sailetik finkatutako arauak betez, talde txikietan, eta ikasleak ordutegi desberdinak erabiliz etorri dira, modu progresibo batean». Goiza ondo joan dela ziurtatu zuen: «Irakasleen eta ikasleen aldetik komunikazioa oso bermatuta zegoen, eta komunikazio berme horrek segurtasuna ematen digu denoi».

DBH4koak eta Batxilergokoak ez ziren izan atzo ikasgelak zapaldu zituzten bakarrak. Lanbide Heziketan zikloetan ere ikastetxera itzuli ziren hainbat ikasle. Markina-Xemeingo (Bizkaia) Lea Artibai ikastetxean, Lanbideko hainbat ikastarotakoak eta Lanbide Heziketako bi ziklotakoak itzuli ziren atzo. 300-325 inguru Batxilergokoak kontuan hartuta joan zitezkeen; 70 inguru soilik izan ziren. Batxilergokoak, berriz, ekainaren 8ko astean itzuliko dira, selektibitateari begira.

Atzo goizerako prest zuten guztia. Isabel Mendiguren zuzendariak azaldu zuenez, garbitasuna indartzeaz gain, bestelako neurri batzuk ere hartu zituzten. Azterketak, esaterako, ez dituzte ohiko geletan egingo: «Areto bat daukagu 200 pertsonarentzakoa, baina heren batera jaitsi dugu edukiera, eta gehienez 60-65 sartuko dira», azaldu zuen. Goiza «normaltasunez» joan zela esan zuen, baina ikasleren batek aurretik abisatu zien ez zela joango, arrisku taldekoren batekin bizi delako.

Bada, ordea, atzo itzuli ez zenik ere. Tolosako (Gipuzkoa) Orixe institutuan, esaterako, Organo Gorenak onartu zuen DBH4ko eta Batxilergoko lehenengo mailakoek saioak online hartuko zituztela, eta ekainean itzuliko zirela azterketak egitera. Batxilergoko bigarren mailakoak 28tik aurrera hasiko dira presentzialki, errefortzuko eskoletarako eta USE probarako prestatzeko. Joserra Zalakain zuzendariak zehaztu zuenez, astelehenetan eta ostegunetan aurrez aurreko eskolak izango dituzte, eta online jarraituko dituzte saioak gainerako egunetan. «Hurrengo asteetan ikasle kopuru mugatua etorriko da», nabarmendu zuen.

Ikasleak hartzeko prestatzen ari dira Orixen ere: sarrerak eta irteerak desberdinduko dituzte, gel hidroalkoholikoak jarri, komunen erabilera mugatu, tenperatura hartu...

Atzo ez itzultzea aukeratu zuten Gasteizko Koldo Mitxelena ikastetxean ere. Amado Lopez de Ipiña Batxilergoko ikasketa buruaren arabera, batxilergoan dauden 160 ikasleetatik, gehienez ere, 55 ikaslerentzako lekua egokitu dute gimnasioan; areto nagusian; eta, beharrezkoa baldin bada, liburutegian. Pilaketak ekidite aldera, talde txikietan itzuliko dira. Ikasleei aukera eman nahi diete ohiko eta ezohiko azterketak aurrez aurre egiteko, errefortzua izateko eta selektibitatea prestatzeko.

Uriarteren balorazioa

Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak azpimarratu zuen itzulera «normaltasunez» egin zela. «Uste dugu jarri direla segurtasun eta osasun neurriak ondo garatzeko eta ondo egoteko ikastetxeetan».

Dagoeneko ikasgelan daude Ipar Euskal Herriko hainbat haur eta gazte ere. Eskolara itzultzea, pixkanaka egiten ari dira. Maiatzaren 12an hasi ziren Lehen mailetako haurrak, eta maiatzaren 18an kolegioetakoak. Lizeokoentzat, oraindik ez dute datarik finkatu: osasun egoeraren bilakaeraren arabera, ekainean itzuli zitezkeela iradoki zuen Parisek.

Osasun protokolo zorrotza ezarri dute ikastetxeetan haurrei harrera egin ahal izateko. Gehienez ere hamabost ikasle batu daitezke ikasgelaka, eta neurri frango hartu behar izan dituzte urruntze fisikoa errespetatu eta higienea zaintzeko. Horretarako, talde pedagogikoak berrantolatu eta espazioak egokitu behar izan dituzte. Ikastetxe gehienetan ikasle kopuru txikiekin hasi dira, baina ondoko asteetan pixkanaka gehiago hartzea espero dute.

Nafarroan, berriz, bestelakoa da egoera. Maiatzaren 15ean, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak proposatu zuen Batxilergoko bigarren mailako ikasleek ekainaren 1etik aurrera ikastetxeetara itzultzeko aukera izatea. «Borondatezkoa» izango da; eta «ezinbesteko denbora» baino ez dira egongo ikastetxean.

Hezkuntzaz haratago, eragina agerikoa izan da hondartzetan, ostalaritzan eta saltoki handietan:

* Zarautz. Hondartza pribatu batean baleude bezala

* Iruñea. Zalantza artean, berriro abian

* Gasteiz. Martxan, erdizka

* Barakaldo. Kontsumoa, itxialditik kanpo
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.