David Fernandez Kataluniako kazetari, gizarte aktibista eta parlamentari ohia EH Bilduko kide izanen da hemendik aurrera. Hala iragarri du ezkerreko alderdi subiranistak ohar batean. Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusia solasaldia egiten ari da Bilboko Euskalduna jauregian Fernandezekin, eta han eman du albisteari berri. Fernandez EH Bilduko harreman politikoen lantaldean arituko da hemendik aurrera.
Euskal Herrian ezaguna da Fernandez, harreman handia izan baitu ezkerreko independentismoarekin. CUP alderdiko kide izan da urteetan zehar, eta 2012tik 2015era Kataluniako Parlamentuko diputatu eta taldearen bozeramaile ere izan zen. Horrez gain, La Directa eta VilaWeb hedabideetan aritu izan da kazetari lanetan. Omnium Cultural erakundeko zuzendaritza batzordeko kidea ere bada.