Eguraldi zoragarria lagun, Oñatiko kaleak (Gipuzkoa) lepo bete ziren Korrika 17 herritik igaro zenean. Legazpi aldetik zetorren, Bergara, Antzuola, Urretxu eta Zumarraga aldean ibili ondoren. Herriko plaza lasterketa iritsi aurretik jendez gainezka zegoen. Ikastolako ikasleak berehala batu zitzaizkion taldeari.
Oñatiko Guria tabernakoek ere hartu zuten lekukoa Arrasatera bidean. Azken Korrika izango da eurentzat, hilabete honetan bertan itxiko dituelako ateak. Oñatitik irteterakoan suhiltzaileek kamioiak atera eta sirenekin agurtu zuten Korrika. Eta handik gertu biribilguneari hiru buelta eman zizkioten euskalakariek, denbora galtzeko asmoz. Izan ere, hogei minutuko aurrerapena zuen berriz ere.Geroxeago, berriz ere mantsoago joateko asmoz, Akirrok-a egin zuten. Alegia, Korrika atzeraka. Eta leloak ere halaxe esaten zituzten, atzekoz aurrera: «atap-atip, atap-atip, akirrok», eta «zaraksue nairreh laksue».
Arrasatera iritsi aurretik, besteak beste, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eraman du lekukoa, bere alderdiak, Aralarrek eta Pesak elkarrekin erositako kilometroan. Herrira iritsita, Korrika jende uholde bihurtu zen. Arrasatear guztiak kalean zeudela zirudien. 3.000 lagun inguru zebiltzan korrika. Aurreko furgonetan zihoazenek ez zuten tropela non bukatzen zen ikusten. Kale eta plaza bazterretan ere lagun mordoa zegoen.
Xabier Zubizarreta alkate izandakoak eraman zuen ezker abertzalearen izenean lekukoa; Ino Galparsorok udalarenean. Eskola Politeknikoko ikasleek eta trikitixa eskolakoek ere egin zuten lasterka. «Zorionak, Arrasate!», egin zieten oihu mikrofonotik herri euskalakaria dela agerian utzi zuelako.
Bizkaian eta Araban ere bai
Aramaion (Araba) AHTa izan zuten gogoan, eta lanetatik igaro direnean Fermin Muguruzaren AHT Gelditu! kanta abestu zuten, elkarlaneko banderak astintzen zituztela. Besteak beste, udalak eta San Martin eskola txikiak eraman dute lekukoa. Azkoaga mendatean gora hogei bat lagun joan ziren, ikuspegi zoragarriez gozatzen. Bortzirietako txirrindulari- bertsolaria agertu zen une horretan, eta atzo ere hiru bat bertso bota zituen.
Aretxabaletan (Gipuzkoa), konfeti eta suziriekin egin zioten ongietorria ehun bat laguneko euskalakari taldeari. Eskoriatzako zeruan ere ez zen eztanda hotsik falta izan. Leintz-Gatzagatik bazkalorduan pasatu ostean, Legutiotik sartu zen Korrika Arabara. Irudi ederra sortu zuten lasterkariek Uribarri Ganboako urtegiaren paretik igaro zirenean.
Aurreko goizaldea Bizkaian igaro zuen Korrikak. Etxebarriatik sartu, eta Durangaldean pasatu zuen gaua. Durangon euskalakari hitzaren asmatzaileetako batek, Igor Elortzak, bertsoak bota zituen furgonetatik. Iurretan, Eneko Abasolo Abarkas aritu zen bertsotan.
17. Korrika
Debagoieneko euskalakariek eta Korrikak elkar konkistatu dute
Oñatin mila lagun inguru ibili dira lekukoaren atzetik, eta Arrasaten hiru mila, gogotsu lasterka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu