Ia hilabete igaro da Iruñean ikurrina dela-eta udal ordezkarien artean izan ziren istiluetatik. Hilabete, jai giroan kaleak eta plazak hartu ohi dituzten aldarrikapen askotarikoak kolokan jarri zirela. Gasteizko jaien atarian, kasurako, berriz piztu da pankarten eta aldarrikapenen eztabaida. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak (EAJ) prentsaurrekoa egin zuen iragan ostiralean, jaien txupinazoan pankartak eta gisa horretako aldarrikapenak debekatu egingo zituela jakinaraziz. Atzo, bada, aldarrikapenek presentzia handia izan zuten Zeledonen jaitsieran.
Jaitsiera hasi baino minutu batzuk lehenago izan zen ezustekoa. Andre Maria Zuriaren plaza jendez lepo, inor gutxik espero zuen pankarta erraldoi bat eskegi zuten San Migel elizaren teilatutik behera. Hala Bedi irratiaren irudietan ikus daitekeenez, hainbat ekintzailek, teilatura igo, eta This is not Spain nor France. Euskal Herriak independentzia zioen pankarta eskegi zuten, agintari eta ordezkari politikoak bilduta zeuden behatokiaren gainean.
👉... y así ha respondido la plaza https://t.co/KakxDqAdJLpic.twitter.com/BLUli0OWUk
— Hala Bedi (@halabedi) August 4, 2019
Haserrea eragin zuen debekuei muzin egin eta pankarta eskegi izanak. Lekuko batzuen esanetan, nabaria zen zenbait buruzagi politikoen eta udaltzainen arrangura; eta Zeledonen jaitsiera ospatu eta minutu gutxira kendu zuten pankarta. Debekuak debeku, ordea, aldarrikapenek beren tokia izan zuten Zeledonen jaitsieran, ohi baino ikusgarritasun handiagoarekin. Pankarta erraldoiaz gain, ez ziren falta izan euskal preso eta iheslari politikoen aldeko ohiko aldarrikapenak ere.
Iragan ostiralean iragarri zuen udalbatzak ohiz kanpoko neurria. Jaien hasiera iragartzen duen txupinazoan pankartak sartzea debekatu zuten. Neurri horren arabera, udaltzainek hamar kontrolgune ezarri behar zituzten plazaren sarbideetan, txupinazoan pankartarik ez sartzea bermatzeko. Gainera, neurria ez errespetatzeak isunak ekar zitzakeela ere azpimarratu zuen Urtaran alkateak.